Ekonomia -
Osasuna
Osakidetzako langileek 67 urterekin erretiratzeko aukera izango dute
Eusko Jaurlaritzak eta Medikuen Sindikatuak onartu dute erretiroa borondatez atzeratzeko aukera emango duen neurria. Gainerako sindikatuek aurkako botoa eman dute.
Erredakzioa
Osakidetzako langileei erretiratzeko aukera borondatez 67 urteraino luzatzeko aukera eskaintzea onartu dute Eusko Jaurlaritzak eta Medikuen Sindikatuak. ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek horren aurka agertu dira.
Egun, Osakidetzako langileak 65 urterekin erretiroa hartzera behartuta daude, Administrazio Publikoko langile guztiak bezala. Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle lanetan dihardutenak 70 urterekin erretiratu daitezke.
Osakidetzako Sektore Mahaian aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzak giza baliabideen plan berria. Horri esker, Euskal Osasun Zerbitzuko langileek euren borondatez 67 urterekin hartu dezakete erretiroa, betiere baldintza fisiko nahiz psikiko egokiak baldin badituzte.
Adierazpen batean azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak uste du "sektoreko indar sindikal nagusienetakoa" den Medikuen Sindikatuarekin lortutako lehen akordio hori "aurrerapauso handia" dela; izan ere, "azken urteetan ez zen inongo adostasunik lortu sindikatuekin".
Horren harian, Osakidetzako eta Osasun Saileko arduradunek uste dute akordio horrek gainerako sindikatuekin adostasuna lortzeko bidea irekitzeko balio lezakeela.
Jesus Mari Larramendi ELAko ordezkariak neurria kritikatu du, eta, bikaintasunaren eta langile berriei egin diezaieketen ekarpenen arabera, kasu konkretu batzuetan soilik aplikatu beharko litzatekeela adierazi du.
"Gutxieneko baldintza batzuk" ezarri gabe erretiroa atzeratzeko aukera ematea salatu du Larramendik, eta, egungo gazteen langabezia datuak eta Osakidetzako langileria gaztetzeko beharra ikusita, neurri "onartezina" da, gaineratu du.
Elena Roldan UGTko osasun arloko ordezkariak azaldu duenez, erretiroa hartzeko urtebete gehiago kotizatu beharko luketen langileen kasuan soilik onartuko luke neurria sindikatuak.
Gaur lortutako akordioa aste honetan berretsiko du Osakidetzak Administrazio Kontseiluan.