Ekonomia -
EAE
Eskola garraioko begiraleen greba mugagabea, gaurtik aurrera
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek parte hartzeko deia egin diete sektoreko 500 langileei.
Erredakzioa
EAEko eskola publikoetako garraioko eta jolastokietako begiraleek gaurtik aurrera greba mugagabearekin bat egiteko deia jaso dute. Azken bi asteetan, bost greba egun egin dituzte, baina hitzarmen kolektiboaren negoziazioetan ez da aurrerapenik egin.
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deitu dituzte protesta horrekin bat egitera sektorean lan egiten duten 500 langileak.
Gaur hasiko da greba mugagabea. Orduan, zentro publikoetako eskola garraioko laguntzaile eta jolastokietako zaintzaile zerbitzua eskaintzen duten enpresekin bilduko da Eusko Jaurlaritza, gatazka konpontzeko asmoz.
Sindikatuen arabera, Jaurlaritzak ez die sindikatuei arazoaren inguruan hitz egiteko gonbidapenik egin, baina deituz gero, bertan izango direla adierazi dute.
Nolanahi ere, horien esanetan, euren eskakizunen defentsan, greba mugagabeari eutsi egingo diotela nabarmendu dute.
Azken lan-erreforma ikusita, hitzarmen "babestu" bat sinatu nahi dute sindikatuek, eta akordio batera iritsi arte protestan jarraituko dutela esan dute.
Halaber, sindikatuek sektore publikoko langileen pareko soldatak eskatu dituzte sektore horretako langileentzat.