Ekonomia -
2013ko datuak
Hego Euskal Herriak 208.500 langaberekin amaitu zuen 2013a
Langabezia tasa jaitsi egin da, baina % 15,76koa zen EAEn eta % 16,83koa Nafarroan, urte bukaeran.
Erredakzioa
INE Espainiako Estatistika Institutuak ostegun honetan argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Hego Euskal Herrian 208.500 langabe zeuden 2013. urtearen amaieran; horietako 158.400 Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) zeuden, eta 50.100, berriz, Nafarroan. Urte amaieran, bada, langabezia tasa % 15,76koa zen EAEn, eta % 16, 83koa Nafarroan.
2013ko azken hiruhilekoan, 4.400 pertsona gutxiago zenbatu zituzten langabezian EAEn, eta 5.300 lagun gutxiago, berriz, Nafarroan. Urte osoko datuei erreparatuz gero, eta 2012ko datuekin alderatuta, biztanleria aktiboa % 1,68 jaitsi zen iaz (17.100 pertsona gutxiago), eta % 1,48 (12.700) egin du behera langileen kopurua.
Espainiako datuak
Espainiako Estatuan, langabeziak behera egin zuen 2013an. 5.896.300 langabe (aurreko urtean baino 69.000 gutxiago) zenbatu zituzten; biztanleria aktiboaren % 26,03.
2013ko laugarren hiruhilekoan, 8.400 langabe gutxiago zenbatu zituzten, aurreko hiruhileko datuekin alderatuta. Aldi berean, lanean zeuden herritarren kopurua ere jaitsi egin zen, 65.000 langile gutxiago zenbatu baitzituzten. 2013. urtearen amaieran, 16.758.200 pertsona zeuden Espainian lanean.
Urtebeteko datuei erreparatuta, eta 2007ko bigarren hiruhilekotik lehen aldiz, langabeziak behera egin badu ere, langabezia-tasak gora egin du, aurreko urteko datuekin alderatuta, % 26,02koa baitzen. Biztanleria aktiboak 267.900 pertsona galdu dituelako gertatu da hori, 22.654.500 pertsona baitaude orain lan egiteko moduan.