Ekonomia -
Adegiren proposamena
'Langileen beldurraz aprobetxatzea' egotzi dio ELAk Adegiri
ELAko idazkari nagusiaren esanetan, Gipuzkoako patronalak proposatzen duen lan harremanetarako eredu berriak "XIX. mendera atzera egitea ekarriko du".
Erredakzioa
Adolfo 'Txiki' Muñoz ELAko idazkari nagusiak "langileen beldurraz aprobetxatzea" egotzi dio Adegi patronalari, eta "estrategia hori, delitu izan beharko zukeena, Gobernuek txalotu egiten dute". Muñozen iritziz, Gipuzkoako patronalaren lan harremanetarako eredu berriak "lan harremanen arloan XIX. mendera atzera egitea ekarriko du".
ELA sindikatuak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan ekitaldia egin du asteazken honetan, eskualdean pairatzen ari diren enplegu suntsitzea salatzeko eta lanpostuak sortzea ahalbidetuko duten neurri politikoak eskatzeko. 2.000 delegatu inguruk parte hartu dute ekitaldian, eta, ondoren, Azpeitiko kaleetan manifestazioa egin dute.
Salatu duenez, patronalek "ordezkaritza antidemokratikoa" dute negoziazio kolektiboan eta "indar faktiko baten moduan jarduten dute, demokraziako arauak albo batera utzita". Halaber, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Lehiakortasunerako Sailak ematen dieten diru publikoarekin bizi direla salatu du.
"Legearekin eta Auzitegi Gorenaren doktrinarekin nahikoa dute. Ez dute negoziatzeko beharrik. Gobernu organoetan lagunak dituzte, eta Gobernuek beraientzat lan egiten dute. Politikak eta kapitalak elkarrekin negozioak egiten dituzte. Patronalari bost axola zaio ustelkeria politikoa", gaineratu du.
Langabezia ez da patronalarentzat arazo, Muñozen arabera. Are gehiago, "xantaia egitea errazten dio; izan ere, beharra daukan pertsonak baldintza bidegabeak eta inmoralak onartzera behartzen ditu. Halaber, Adegiren proposamenak usain txarra dariola eta denboran atzera egitea dakarrela nabarmendu du.