Ekonomia -
Agerraldia
De Andres: 'Baliteke Fagorrek beste enpresa askoren krisia estaltzea'
Arabako diputatu nagusiak agerraldia egin du astelehen honetan Arabako Batzar Nagusietan, azaroan Aramaioko alkatearekin egin zuen bileraren berri emateko.
Erredakzioa
Javier de Andres Arabako diputatu nagusiak kezka azaldu du astelehen honetan, balitekeelako, bere iritziz, Fagor Etxetresnak kooperatibaren krisiak beste enpresa askoren egoera estaltzea. De Andres Batzar Nagusietan agertu da, dagokion batzordean eta EAJk eskatuta, iazko azaroaren 7an Ramon Ajuria Aramaio alkatearekin bilera egin ostean. Fagorren hartzekodunen konkurtsoa aztertu zuten bertan; izan ere, herri horretako 50 lagunek egiten dute lan Fagorren.
De Andresek esan du Araban langabeziaren aurka borrokatzeko irtenbide orokorren alde egiten duela, ez banaka neurrien, neurri partzialen edo eskualdeko irtenbideen alde. Fagorren egoerak kezkatu egiten duela aitortu du diputatu nagusiak, baina arazo horiek, gizartean izaten ari diren hedatzearen eraginez, beste enpresa askoren arazoak ezkuta litzaketela gaineratu du. Laminaciones Arregui enpresaren egoera jarri du horren erakusgarri.
Halaber, horren esanetan, gerta liteke enplegua sortzeko edo langileei emateko laguntzak bakarrik Fagorrentzat izatea, hedabideetan duen garrantzia dela eta. Eskualdeko planekin ere ez da ados agertu, langabezia handia duten eskualde guztietarako ekintza plan bateratua adostu beharko luketelako, horren iritzian. Oion jarri du adibide gisa, eskualde horrek ez baitu, diputatu nagusiak esan duenez, Fagorrek duen hedatzea.
150 bat langile arabarrentzako ondorioak
Taldeen galderei erantzunez De Andresek azaldu duenez, Fagorren krisiak Aramaioko 50 bat bizilaguni (Gipuzkoan lan egiten duten 50 bat langileri) eta Fagor Etxetresnak etxeak Gasteizen zuen enpresan lan egiten zuten 100 bat langileri eragiten die.
Nolanahi ere, Arabako diputatu nagusiak aitortu egin du oso zaila dela jakitea zenbat lagun gehiagori eragiten dion kooperatibaren krisiak, enpresa laguntzaile edo hornitzaile ugari baitaude horren inguruan.