Ekonomia -
Kontzertuaren Batzorde Mistoa
Euskadik 70 milioi jasoko ditu urtero zazpi zergen kudeaketarekin
Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek Kontzertu Ekonomikoa berritzeko akordioa sinatu dute arratsaldean Ogasun Ministerioan.
Erredakzioa
Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailburuaren arabera, “euskal erakundeek 70 milioi inguru jasoko dituzte urtero zazpi zerga berrien kudeaketari esker”. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek Kontzertu Ekonomikoa berritzeko akordioa sinatu dute arratsaldean Ogasun Ministerioan.
Aurrerantzean, honako zerga hauen kudeaketa egongo dira EAEren esku: loteriak, kreditu erakundeen gordailuak, energia elektrikoaren ekoizpena, energia nuklearraren ekoizpen eta biltegiratzea, hidrokarburoak, gas fluoratuak eta jokoarekin lotutako jarduerak.
Loteriaren gaineko zergaren kasuan, transferentziak atzeraeraginezko izaera izatea adostu dute, zehazki 2013ko urtarrilaren 1eko datarekin.
Akordio garrantzitsua
Ogasun sailburua pozik agertu da akordioarekin eta ildo politiko ezberdineko erakundeen artean lortu izana nabarmendu du. Eusko Jaurlaritza eta hiru Aldundiak ados jarri dira akordioa sinatzeko.
“Egun garrantzitsua da gaurkoa”, esan du Ricardo Gatzagaetxabarriak. “Guztiek arduraz jokatu dutela erakusten dute akordioek”, gaineratu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartu izana zoriondu du.
“Pozik gaude, arduraren erakusgarri da, eskuduntza batzuk dituen erakunde publikoa da”, azpimarratu du. “Akordioa da garrantzitsuena politikan”, gaineratu du, eta “elkarren arteko” lan giroa mantenduko dela azpimarratu du.
Ardura politikoa
Martin Garitano Gipuzkoa ahaldun nagusiak azaldu duenez, “ardura politikoarengatik” parte hartu du Kontzertuaren Batzorde Mistoan. Hala ere, “garrantzitsuagoak” diren beste gai batzuen inguruan lehen bait lehen eztabaidatzen hasteko eskatu du, “euskal kupoaz eta BEZaren transferentziaz adibidez”.
“Eusko Jaurlaritzari behin betiko eskumena duen organoa deitzeko eskatu diot, euskal erakunde guztiei erabakiak hartzeko ahalmena emango diona, eta horiek Madrilera helaraziko dituena”, esan du. “Gobernuak gure eskubidea ezagutu eta errespeta dezan”, zehaztu du.
Jose Luis Bilbaok, Bizkaiko ahaldun nagusiak, eta Javier de Andresek, Arabako ahaldun nagusiak, bestalde, Estatuaren eta Euskadiren harremanen arteko normaltasunaren baitan kokatu dute bilera. Bien aburuz, “akordioa garrantzitsua da”.
“Beharrezko akordioa da. Finantza kontuak egiteko gelditzen dira, baina zerga berrien kudeaketa eta kontzertu ekonomikoaren berritzea akordio garrantzitsua da Euskadi eta Estatuaren arteko harremanen normaltasunaren baitan. Bultzada emango du”, ziurtatu du Bilbaok.
Ildo berean hitz egin du Javier De Andres Arabako ahaldun nagusiak. De Andresen aburuz, “gaur sinatutako akordioa kontzertu ekonomikoaren baitan zegoen, eta zentzu horretan erakundeen arteko normaltasunaren baitan dago”. “Garrantzitsua da, honelako sinadurak ez baitira beti horrelako normaltasunaren baitan egiten. Batzuetan beste itxura bat eman nahi zaie, eta ez da horrela”, gaineratu du.
Kupoaren berrikuspena
Gatzagaetxebarriak adierazi duenez, gaurko bileran euskal kupoaren berrikuspenaren inguruan hitz egitearen beharraz aritu da Cristobal Montoro Ogasun ministroarekin. Sailburuaren arabera, “2014 urtean kupoaren gaian aurrera egitean aldeko konpromisoa hartu dugu bi erakundeek”. Ez dute, ordea, egutegirik zehaztu.
“Egungo legearen ezarpenean desadostasunak ditugu, bakoitzak kalkulu ezberdina du. Akordioa lortzeko lana egingo dugu, oreka puntua bilatzen saiatuko gara eta hori egiteko konpromisoa hartu dugu”, esan du.
Antonio Beteta Estatuko Administrazio Publikoen idazkariak Ogasun sailburuaren hitzak berretsi ditu eta Ministerioaren asmoa erkidegoen finantzaketarekin loturiko gai guztiak aurten “konpontzea” dela esan du.