Ekonomia -
Europako Batzordea
Europak lankidetza eskaini du ontziolentzako laguntzak berreskuratzeko
Almuniak 2007 eta 2011. urteen artean ontziolei legez kanpo emandako laguntza fiskalak "atzerapenik gabe berreskuratzeko eskura dituen neurri guztiak ezartzea" eskatu dio Espainiari.
Erredakzioa
Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteorde eta Lehia komisarioak 2007 eta 2011. urteen artean ontziolek legez kanpo jaso zituzten laguntza fiskalak "atzerapenik gabe" berreskuratzeko eskura dituen neurri guztiak aplikatzea eskatu dio Espainiari, Izaskun Bilbao eurodiputatuari erantzunda.
Almuniak laguntza eskaini die espainiar agintariei "espainiar ontziolei legez kanpo emandako hobariak ahalik eta arinen eta modu egokian berreskuratzea bermatzeko", gaur Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak ohar batean iragarri duenez. Batasuneko exekutiboari Bilbaok idatziz egin zion galdera bati erantzun dio horrela Almuniak.
Erantzunean, itzuli beharreko laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko modua "fintzen" jarraitzeko prestasuna agertu du espainiar komisarioak. EAJko eurodiputatuaren informazioaren arabera, Espainiako Gobernuak zenbateko hori 126 milioi eurokoa dela esan du.
Horren ildotik, hobari fiskalak ontziak eraikitzeko lanak finantzatu zituztenek itzuli behar dituztela ekarri du gogora Almuniak, eta, ohartarazpen ofiziala jasotzen dutenetik, lau hil izango dituzte hori egiteko.
Legez kanpoko laguntzen zenbatekoa itzultzeko epea azaroaren 18an bukatu zen hasiera batean, baina, Batzordeak adierazi zuenez, Espainiako Gobernuarekin hitz egiten ziharduten orduan oraindik, berreskuratu beharreko diruaren zenbateko zehatza kalkulatzeko. Estatu laguntza konplexuak tartean direnean Batzordearen eta Estatuaren arteko elkarrizketaldiak luzeagoak izaten direla azaldu zuen orduan Europako exekutiboak.