Ekonomia -
Argindarraren prezio berria
Argindarraren prezioa %2,3 igoko da urtarrilaren 1etik
Mariano Rajoyk aurreratu duenez, 2014ko lehen hiruhilekorako izango da soilik. Ondoren berrikusi egingo dute.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du argindarraren ordainagiria %2,3 igoko dela 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera eta soilik urteko lehen hiruhilekorako.
Urteko azken ministroen kontseiluaren aurretik egin duen prentsaurrekoan egin du iragarpena eta igoera horrela banatzen da: Energiaren prezioari dagokionean, %1,4 igoko da eta ordainlekuen igoerari dagokionean, %0,9 (ordainagiriaren alderdi arautua). Rajoyk jakinarazi du neurri hori 2014ko lehen hiru hilabeteetan izango dela indarrean eta Gobernua lanean ari dela Merkatuaren eta Konpetentziaren Batzordeak egindako aholkuen ildotik doan mekanismo bat martxan jartzeko.
Argindarraren igoera dekretu bitartez onartu dute, Rajoyk jakinarazi duenez. Konpetentziaren txosten batek hala gomendatuta aritu dira: iragan abenduaren 19an izan zen azken argindarraren enkantea eta prezioa %11 igoko zela adostu zuten. Gero, gobernuak bertan behera utzi zuen.
Rajoyk adierazi du legegintzaldi honetako azken bi urteotan "agian" argindarraren sektorearen erreforma izan dela gobernuak aurre egin behar duen gairik garrantzitsuena. Horren harira, gogoratu du 2011an gobernura heldu zirenean 26.000 milioi euroko tarifa defizita zegoela eta ezer egitekotan, urtean 10.000 milioi euro handituko zela. Horregatik, erabaki "oso garrantzitsuak eta oso zailak" hartu behar izan dituztela sektorea berritzeko, 2014rako "porrotera" ez eramateko.
Rajoyk esan du Espainiak Europako argindarrik garestiena duela eta hori "txarra" dela lehiakortasunerako eta enplegua sortzeko, enpresentzat kostu handia suposatzen baitu. Horrela, Espainiak kontsumitzen duenaren energia elektrikoaren bikoitza sortu dezake eta urte batzuetan %6 igo da. Horrek ez du "azalpenik".
Bigarren etxebizitzei, igoera handiagoa
Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren arabera, argindarrak urtarrilean izango duen % 2,3ko igoerak familien ordainagiria % 0,1 eta 0,2 artean garestituko du, eta bigarren etxebizitzena, aldiz, % 5.
Sistema berriak bigarren etxebizitza izatea zigortuko du, kontsumoa txikia izan arren, gehoago ordaindu beharko dutelako.