Ekonomia -

2013ko balantzea

Rajoy: 'Datorrena, susperraldiaren hasieraren urtea izango da'

Espainiako herritarrek “garai zail batean” egindako “ahaleginak” goraipatu ditu Rajoyk…

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014. urtea “susperraldiaren hasieraren” urtea izango dela adierazi du gaur Mariano Rajoy Espainiako presidenteak.

13:20an hasi du Rajoyk 2013. urteko balantzea egiteko agerraldia. Espainiako herritarrek “garai zail batean” egindako “ahaleginak” goraipatu ditu Rajoyk…

Monkloan egindako prentsaurrekoan, presidenteak egoera ekonomikoa izan du hizpide. Espainiako herritarrei egindako “ahaleginak” eta erakutsitako “erantzukizun eta ausardia” eskertu die.

“2012. urtea doikuntzaren urtea izan zen, 2013.a erreformena eta 2014. urtean susperraldi ekonomikoaren hasiera ikusiko dugu”, esan du.

“2014. urtea askoz hobea izango dela esan dezaket gaur: jarduera gehiago eta susperraldi handiagoa izango dugu”, adierazi du.

Hala ere, egoerarekin pozik ez dagoela gaineratu du, legegintzaldiko helburu nagusia enplegua sortzea eta hazkundea zirelako eta Espainia helburu horretatik “urrun” geratu delako. “Ezin naiz, inola ere, egoerarekin pozik egon”, esan du.

Izan ere, erreformak egiten jarraituko dutela iragarri du presidenteak, oraindik “ibilbide asko dagoelako egiteko”.

Bestalde, datu makroekonomikoen inguruan, oraindik ez direla “espainiarren egunerokotasunera”iritsi adierazi du Rajoyk. Hala ere, 2013. urtea iaz baino langabe gutxiagorekin amaituko dela aurreratu du presidenteak. 2006tik ez da langabezia tasa jaitsi Espainian.

“Gizarte Segurantzaren azken datuen arabera, hilabete gutxi barru, afiliatu kopuruak ere nabarmen gora egingo du”, adierazi du. “Datorren urtean langabe gutxiago egongo da Espainian eta lanean pertsona gehiago izango dira”.

“Orain urtebete, 2013. urtea oso gogorra izan behar zela esan nuen, batez ere lehenengo seihilekoan, baina bigarren zatian egoerak hobera egingo zuela ere esan nuen. Ondo da, arrazoia geneukala argi geratu da”, esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea