Ekonomia -
Argindarraren tarifa
Facuak argindarraren prezioaren igoera salatu du Bruselan
Facuaren iritziz, Espainiako Gobernuak ez du EBko argindarraren direktiba betetzen; izan ere, ez du kontsumitzaile ahulenen babesa bermatzen eta ez ditu argindarraren "arrazoizko" prezioak ezartzen.
Erredakzioa
Facua Kontsumitzaileen elkarteak Espainiako Gobernua salatu du Europar Batzordean argindarraren barne merkaturako arauen direktiba ez betetzeagatik; izan ere, ez du kontsumitzaile ahulenen babesa bermatzen eta ez ditu argindarraren "arrazoizko" prezioak ezartzen.
Facuak ohartarazi duenez, oraingo Gobernuak zein aurrekoak ez dute kontsumitzaile "ahulenen" babesa bermatu eta ez dute argindarraren "arrazoizko prezioa, erraza, konparagarria, gardena eta ez diskriminatzailea" ezarri.
Facuak prentsa oharrean jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak ez du inolako babes neurririk kontsumitzaile ahulentzat eta urtero argi-hornidurarik gabe gelditzen dira.
Kontsumitzaileen elkartearen arabera, Espainiako familien % 18ak ez du tenperatura epela bere etxean neguan.
Ilunaldia, abenduaren 30ean
Facuak argindarraren prezioaren igoeraren aurkako mobilizazioak deitu ditu datozen egunetarako; besteak beste, datorren astelehenean, abenduaren 30ean, ilunaldia egingo dute 19:00etan.
Facuak merkatuko enkantean ipintzen ez diren tarifa berriak eskatu dizkio Gobernuari. Halaber, tarifen defizitaren inguruko auditoria eskatu dio eta neguan argindarraren faktura ordaindu ezin duten familiei argindarra mozteko debekua ezartzea eskatu dio.