Ekonomia -
Argindarraren igoera
Elektrizitate enkantearen txostena argitaratzeko eskatu du UNESAk
“Enpresa elektrikoak gaizto moduan erakustea” deitoratu du UNESAren presidenteak eta “erasotuak sentitu” direla baieztatu du.
Erredakzioa
Eduardo Montes UNESAren, Espainiako Industria Elektrikoaren Elkartearen, presidenteak Gobernuak elektrizitate enkantearen ildora egindako akusazioek "min oso larria" egin izana deitoratu du, eta enkantea bertan behera utzi zuen Lehia Batzordearen txostena ahalik eta lasterren argitaratzeko eskatu du.
"Industria, Energia eta Turismo Ministerioak enkantea manipulatu izana leporatu digu, hori esateko oinarririk ez dagoenean", esan du Montesek APIEk antolatutako gosari informatibo batean. Prezioak zehazteko enkanteetan elektrizitate enpresa handiek duten parte hartzea txikia dela gogoratu du.
"Enpresa elektrikoak gaizto moduan erakustea" deitoratu du UNESAren presidenteak eta "erasotuak sentitu" direla baieztatu du. Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak egindako txostena ahalik eta lasterren ezagutzera emateko ere eskatu du.
"Gardentasuna, gardentasuna, gardentasuna. Zer gertatu den azal diezagutela. Ez dago akusazio horiek egiteko eskubiderik. Mahai gainean jarri behar da txostena", adierazi du.
UNESA elkartea Endesa, Iberdrola, Gas Natural Fenosa, EDP eta E.ON enpresek osatzen dute. "Azken enkantean enpresa horien ordezkaritza % 10koa izan da, operazio gehienak finantza entitateek eta energiaren nazioarteko bitartekariek egiten baitute", azpimarratu du Montesek.
"Ezin dugu onartu errua guri leporatzea, %10eko ordezkaritza soilik izan, eta gaiztoak gu izatea", gaineratu du.
Eragina izan zezaketen elementuak
Enkantearen emaitzaren inguruan, UNESAren presidenteak esan du "laster ezarriko diren sorrera eta zentimo berdearen zerga berriak kenduz gero, argiaren prezioa 57 euro megavatio-orduko (MWh) izango litzateke, Erresuma Batuan eta Frantzian duten prezioaren antzerakoa".
Prezioaren igoeran eragina izan zezaketen elementuen inguruan ere hitz egin du Montesek. Hotza dela eta eskaera handitu izana, haize gutxi dela eta energia eolikoaren produkzioa jaitsi izana, gasaren prezioaren igoera edo etorkizuneko operazioengan merkatuak eskatzen duen arrisku prima, argindarraren igoeran eragina izan duten arrazoi moduan jarri ditu.
"Aurretik egindako 24 enkanteen berdina izan da oraingoa. Prozedura bera jarraitu du eta arauemaileak bertatik bertara berrikusi du", azpimarratu du.
Montesek adierazi duenez, "prezioak zehazteko sistema asko ez daude, eta horietako ba enkantea da". Datozen egunetan merkatuan oinarritutako sistema berria zehaztea espero du.
Jose Manuel Soria Industria Ministroak goizean iragarri du ostiralean Ministroen Kontseilura eramango duela 2014ko argindarraren prezioa zehazteko proposamena.