Ekonomia -
Enkante elektrikoa
Gobernuak bertan behera utzi du elektrizitate enkantea
Soraya Saenz de Santamariak iragarri duenez, Industria Ministerioak bertan behera utzi du atzo egindako elektrizitate enkatea.
Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamariak iragarri duenez, Industria Ministerioak bertan behera utzi du atzo egindako elektrizitate enkantea. "Argindarraren %10,5eko igoera" ez dela egingo gaineratu du presidente ordeak.
Ministroen Kontseiluaren ondorengo agerraldian egin du iragarpena Saenz de Santamariak eta bertan azaldu du Alberto Nadal Estatuko Energia idazkariak ebazpena sinatu duela. Ebazpen horretan jasotzen denez, "enkantearen prezioa ezin da datorren hiruhilekoaren tarifa kalkulatzeko ezarri".
Presidente ordeak gaineratu duenez, "egungo arauek ez dute zehazten nola ezarri prezioa enkantea baliorik gabe geratuz gero". Gobernua "prozedura zehazteko" lanean ari dela azpimarratu du.
Industria Ministerioak txostena aurkeztu du Ministroen Kontseiluan. Txosten horretan zehazten denez, atzo egin zen Cesur enkantea energiaren %25,6ko garestitzearekin itxi zen. Horrek %10,5eko eragina izango luke TUR edo azken baliabideko elektrizitate tarifan. 16,2 milioi kontsumitzailek dute tarifa hori.
Tarifa horri, gainera, peajeak gehitu beharko litzaizkioke. Peajeek honako gastu hau ordaintzea dute helburu: energia elektrikoa garraiatzearen eta banatzearen kostua, berriztagarriei ordaintzen zaizkien hobariak, penintsulatik kanpo argindarra sortzea dakarren gainkostua eta sistema elektrikoak urtetan eragin duen defizita ordaintzea. Jose Manuel Soria Industria ministroaren arabera, %1 baino gutxiago litzateke hori.
Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak ez du gaur ontzat eman atzo izandako elektrizitate enkantea, eta bertan behera uztea erabaki du, "ezohiko gertakariak" egon direla argudiatuta.
Rajoyren ustez argindarraren prezioaren igoera gehiegizkoa zen
Azken elektrizitate enkantearen ondorioz ostegun honetan aurreikusitako argindarraren prezioaren garestitzea ''gehiegizkoa'' zen, Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen hitzetan. Rajoyk azaldu du beste prezio bat ezartzeko prozedura lortzeko lanean ari dela Gobernua.