Ekonomia -

TUR tarifa

Argindarraren prezioa garestitzearen gakoak

Litekeena da argindarraren faktura % 11,5 garestitzea urtarriletik aurrera. Zergatik igoera berri hau?

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Litekeena da argindarraren faktura % 11 igotzea 2014ko urtarriletik aurrera, faktura hori osatzen duten bi elementuek (energiaren kostua eta peajeak) gora egin ostean.

Alde batetik, energiaren kostua finkatzeko Cesur enkantean % 26,5 igo da argindarraren prezioa eta, horrek, urtarriletik aurrera faktura % 10,5 igotzea ekarriko du.

Bestalde, Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak iragarri du elektrizitate-bidesariak "gehienez ere" % 2 igoko direla. Horren ondorioz, prezioa % 1 igoko litzateke.

% 11,5ko igoera horrek aurrera egiten badu, 1997tik, elektrizitatearen sektorea liberalizatu zenetik, batez besteko igoerarik handiena izango litzateke. Espainian 18 milioi erabiltzailek dute tarifa erregulatua.

TUR tarifa: Peajeak + energiaren kostua

TUR edo azken baliabideko elektrizitate tarifa bi elementuk osatzen dute: Peajeak eta energiaren kostua. Horietako bakoitzak fakturaren erdia inguru hartzen dute (bi elementu horiei zergak ere gehitu behar zaizkie)

Peajeak

Gobernuak ezartzen ditu peajeak, eta sistemaren jardun guztiak ordaintzea dute helburu, besteak beste honako gastu hauek: energia elektrikoa garraiatzearen eta banatzearen kostua, berriztagarriei ordaintzen zaizkien hobariak, penintsulatik kanpo argindarra sortzea dakarren gainkostua eta sistema elektrikoak urtetan eragin duen defizita ordaintzea.

Tarifa defizita deitzen zaio azken honi, eta elektrizitate-sistemaren diru-sarrerak gastuak baino txikiagoak izatearen ondorioz sortu da. Defizit horri aurre egiteko erreforma abiatu zuen uztailean Gobernuak, baina horri bideratutako ekarpenak bertan behera utzi behar izan zituen, Europak agindutako defizit-mugarik eusteko. Ondorioz, 3.600 milioi euroko tarifa-defizitari aurre egin beharko zaio.

Energiaren kostua

Energiaren kostua, bestalde, Cesur izeneko enkanteak ezartzen dute, eta ostegun honetan egindako saioan % 25,6 igo da prezioa. Horrek faktura % 10,5 garestitzea ekarriko du. Enkante honetara energia ekoizle eta saltzaileek jo ohi dute, tarifa sisteman dauden erabiltzaileen elektrizitatea erosteko eta saltzeko (Gainerakoak merkatu askera jo ohi dute).

TUR tarifak jasandako igoerak

Argindarraren prezioa % 3,1 igo zen urrian, eta ez-ohiko igoera ere izan zuen abuztuan, erreforma elektrikoarekin lotuta. Aurretik ere garestitu eta merkatu izan da argindarra 2013an zehar (% 3 gora urtarrilean, % 6,6 behera apirilean eta % 1,2 gora berriz ere uztailean).

Industria Ministerioaren datuen arabera, % 63 garestitu da argindarra Estatuan 2003tik 2011ra. Europa mailan lurralderik garestienetakoa da, Irlandarekin eta Txiprerekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea