Ekonomia -

Cesur enkantea

Argindarraren prezioa % 11,5 igoko da urtarriletik aurrera

Soria ministroaren hitzetan, ''onartezina'' da elektrizitate enkantearen emaitza, eta 24 ordutan bertan behera geratzea espero du. Txostena eskatu dio Merkatu eta Lehia Batzordeari.

Argindarra % 11 igoko dute urtarrilean

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argindarraren prezioa % 10,5 igoko da urtarriletik aurrera, energiaren kostua finkatzeko Cesur enkantean % 26,5 igo ondoren.

Urtarriletik aurrera izango den igoera % 1 handiagoa izango da (% 11,5), elektrizitateari ezarritako bidesarien igoera dela eta. Enkantearen emaitzak % 40ko eragina izaten du prezioan, eta gainontzeko % 60a bidesarien arabera erabakitzen dute. Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak iragarri du elektrizitate-bidesariak "gehienez ere" % 2 igoko direla. Horren ondorioz, prezioa % 1 igoko litzateke.

Enkantean manipulaziorik egon den ikertzea eskatu du Gobernuak

Elektrizitate merkatuaren enkantean ''manipulaziorik'' egon den ikertzea eskatu dio Industriak Ministerioak formalki Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeari, Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen bozeramaileak iragarri duenez.

Alonsoren ustez, ez dago ''inolako justifikaziorik'' maila horretako igoera egiteko. PPko ordezkariak azpimarratu duenez, Europa mailan energia kosturik handienetakoa duen herrialdea da Espainia.

Halaber, Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroaren ustez, enkantearen emaitza ''onartezina'' da eta ''lehia falta'' egon dela uste du. Edonola ere, txostenari itxaron behar zaiola azpimarratu du Soriak.

''Gobernuaren ustez hau onartezina da. Espero dut (gorakada) geldiaraztea'', esan du Diputatuen Kongresuan, komunikabideei egindako adierazpenetan. Halaber, Lehia Batzordeak oraindik enkanteari baiezkoa eman ez diola gogoratu du, eta Gobernuak batzorde horri eskatutako txostena 24 ordu barru jakitera emango dutela aurreratu du.

Mota honetako enkanteak ''gardenagoak eta lehiakorragoak'' izan daitezen eta ''manipulaziorik'' egon ez dadin prozesua aldatuko dutela ere aurreratu du.

Kontsumitzaileek elkarteen kritikak

Facua elkartearen ustez ere ''onartezina'' eta ''erabateko basakeria'' da argindarraren igoera hori, eta sektorean ''benetako erreforma'' egitea eskatu dio Gobernuari.

Ildo horretan, kontsumitzaileen elkarte ezberdinek igoera kritikatu dute eta TUR tarifaren prezioak arautzeko ahalmena berreskuratzea eskatu diote Gobernuari, tarifa horren prezioak Industriak ezarri ditzan.

Enpresen bidesariak

Espainiako Gobernuak eta EAJk energia elektriko ugari kontsumitzen duten industriei kostu elektrikoa murriztea adostu dute gaur.

Hain zuzen ere, 30 kW-etik gorako tarifen bidesariak hurrengo bi urteetan % 50 jaistea hitzartu dute, Pedro Azpiazu EAJko diputatuak iragarri duenez.

Bidesariak Espainiako Gobernuak konpainia elektrikoei sare elektrikoa erabiltzeagatik kobratzen dizkien zergak dira. Aldi berean, konpainiek kontsumitzaileei kobratzen diete zenbateko hori. Hori dela eta, bidesariak kontsumitzaileen azken fakturaren % 60 dira.

Abuztuan, Industria Ministerioak handitu egin zuen 30 kW-etik gorako tarifen bidesariak, eta horrek batik bat industria astunei (metalaren eta altzairuaren sektorekoak adibidez) eragin die. Industria mota horiek, hain justu, garrantzi handikoak dira Euskadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea