Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Ortuzar: 'Argia ikusten da krisiaren tunelaren amaieran'
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek Zamakona eta Balenciaga ontziolek eta Danobatek lortutako kontratuak baloratu ditu.
Erredakzioa
Krisi ekonomikoaren tunelaren amaieran "argia" ikusten dela adierazi du gaur Andoni Ortuzar EAJko presidenteak. Hala ere, langabezia tasa "garrantzitsua" dela eta enpresa asko "egoera txarrean" daudela onartu du jeltzaleen buruzagiak.
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek Zamakona eta Balenciaga ontziolek eta Danobatek lortutako kontratuak baloratu ditu.
Ortuzarren hitzetan, kontratu horiek "albiste ona" dira enpresa horientzat eta EAEko ekonomiarentzat, "are gehiago urte hasieran geneuzkan aurreikuspen guztiak txarrak zirenean".
"Nahiz eta langabezia tasa garrantzitsua izan eta enpresa asko egoera txarrean egon, tunelaren amaieran argia ikusten dugu. Orain, argi hori indartu eta babestu egin behar dugu: merkatu berriak ireki behar ditugu, gure enpresak nazioartera eraman eta bertan gure produktuak saldu", adierazi du.
Bestalde, Ortuzarrek esan du erraza litzatekeela "gehiengo abertzalearekin" Eusko Legebiltzarrean estatus berri baten inguruko irizpidea inposatzea, baina EAJ "gehiengo zabala" lortzen saiatuko da, eta "Gernikako Estatutuak lortutakoa handiagotu nahi dugu”, gaineratu du.
Horren esanetan, EAJk aurreikusitako epeak bete egingo ditu: estatus berriaren inguruko lantaldea sortu ondoren, 2014. urtean lanean arituko dira, eta ondorioak 2015ean aurkeztuko dituzte; udal hauteskundeen eta EAEko hauteskundeen arteko sei hilabeteetan, hain zuzen.