Ekonomia -
Espedientea 7 kluben aurka
Bruselak ez du San Mames Barriaren finantziazioa ikertuko
Dena dela, Europako Batzordeak espedientea irekiko die Athletici, Osasunari eta beste bost klubi, sozietate anonimo ez izateagatik.
Erredakzioa
Europako Batzordeak espedientea ireki die gaur Athletic Clubi, Osasunari eta Ligako beste bost futbol klubi, legez kanpoko diru-laguntza publikoak jaso izana egotzita.
Dena dela, azkenean Bruselak ez du ikertuko San Mames Barriaren finantziazioa, Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroak auzi hori ere aztergai izango zutela aurreratu bazuen ere.
Europako Batzordeak jomugan jarri dituen beste taldeak Real Madril, Bartzelona, Valentzia, Hercules eta Elx dira.
Athleticen, Osasunaren, Real Madrilen eta Bartzelonaren kasuan, sozietate anonimo bihurtu ez izana salatu du Bruselak. Izan ere, horri esker, % 25eko zergak ordaintzen dituzte, sozietate anonimoei ezarritako % 30 egin ordez.
Ireki dute jada alegazioak aurkezteko epea.
San Mames, absolbituta
Joaquin Almunia Europar Batzordeko Lehiakortasun komisarioak prentsaurrekoan adierazi duenez, ''ez dago San Mames auzirik''.
Ildo horretan, Almuniak adierazi du ''ministroari eta hainbat komunikabideri heldu zitzaien informazioa okerra'' zela; eta, ordezkari publikoei eskatu die ''argumentuak filtrazioetan oinarritzen '' badituzte ''filtrazio hori ona dela'' ziurta dezatela aurretik.
''Estatuaren laguntzen inguruko auzirik aztertu behar balitz, aztertu egingo genuke, futbolarekiko eta Athleticekiko nire zaletasuna albo batera utzita'', gaineratu du.
Bruselak San Mamesen finantziazioa ikertzeko aukerak hautsak harrotu zituen EAEko erakundeen artean.
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak bere parte-hartzeak "estaldura juridiko osoa" duela nabarmendu zuen atzo, eta estadio berriak "zerbitzu publikoak" eskainiko dituela gogorarazi zuen. Besteak beste, udal kiroldegi bat izango du.
Bizkaiko Foru Aldundiak ere "baldintza legal guztiak" bete direla esan zuen, eta ukatu egin zuen erakunde publikoek Athletici diru-laguntzak eman izana, erakunde publikoak eurak baitira, klubarekin batera, San Mames berriaren jabeak.
Testuinguru honetan, Josu Urrutia Athletic Clubeko presidenteak legea "bete" egingo dutela esan zuen, "beti bezala", eta errefusatu egin zuen kluba sozietate anonimo bihurtzea.
Beste taldeen aurkako ikerketak
Europako Batzordeak abiatutako beste ikerketa bat Real Madrilen aurkakoa da, entrenamendu instalazio berriak eraikitzeko 2011. urtean Udalarekin egin zuen lurralde trukean iruzur egin ei zuelako.
Halaber, Valentziako Finantzen Institutuak erkidego horretako hiru talderi (Valentzia, Hercules eta Elx) emandako maileguak legez kanpokoak izan litezkeela ebatzi du.