Ekonomia -

Lankidetza hitzarmena

Kutxabankek eta Cebekek finantziazio ildo bat adostu dute enpresentzat

Cebeken ustez, kreditu "gutxi ematen da, eta oso garesti"; Kutxabankek berfinantziazioetarako jartzen dizkieten "zigorrak" azpimarratu ditu. 200 milioi euroko akordioa da, 400era zabal daitekeena.

Iñaki Garcinuño, Cebekeko presidentea. Argazkia: Efe.
Iñaki Garcinuño, Cebekeko presidentea. Argazkia: Efe.
Iñaki Garcinuño, Cebekeko presidentea. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabankek eta Cebekek itxi duten akordioaren arabera, Bizkaiko patronalean elkartuta dauden enpresek finantziazio lerro bat izango dute. Hasiera batean, 200 milioi euro bideratuko ditu finantza erakundeak, eta beste 200 milioitan handitu dezakete ekarpena.

Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak eta Mario Fernandez Kutabankeko presidenteak gaur sinatu dute akordioa. Horrela, banku horrek berak SEA Arabako enpresaburuen elkartearekin (150 milioi) eta Adegirekin (300) itxi zituen akordioei batu zaie bizkaitarrekin adostutako hau. Guztira, beraz, 850 milioi euro bideratuko ditu Kutxabankek enpresentzako kredituetara.

Akordioak lehentasunezko baldintzak jarriko ditu enpresen eskura, kapital zirkulatzaileko beharrak asetzeko, aktibo finkoetan edo nazioarteko negozioetako operazioetan inbertsioak egiteko edo berme eta aurreberme gisa erabiltzeko.

Akordioa sinatu eta gero eman duten prentsaurrekoan, Garciñunok kreditu "gutxi" dagoela eta "oso garestia" dela esan du, eta hori jarri du enpresaburuen buru-hauste nagusitzat. Kutxabanki eskerrak eman dizkio, bizkaitar enpresariak bultzatzearren eta Bizkaiko jarduera ekonomikoan "konfiantza" izatearren.

Bizkaiko patronalaren arduradunak kreditu "gutxi" dagoela eta, "dagoenean, gure lehiakorrei baino aski garestiago" ateratzen zaiela adierazi du.

Cebekeko presidentearen hitzetan, "tentuz"ibili behar da, eta, "gure operazioetan, funts propio gehiago eta kreditu gutxiago jarri". "Baina jarduera ekonomikoak kreditua behar du, bestalde", esan du.

Mario Fernandez

Halaber, Mario Fernandezek esan duenez, hitzarman honen arabera, "krisia atzean uzteko laguntza eman" nahi dute, eta aurretik ere finantziazioa errazteko akordioak sinatu dituztela azpimarratu du.

Fernandezen esanetan, jarduera ekonomikoa sustatzea eta, azken finean, enplegua sortzea da helburua.

"Denok zorpetu gara behar baino gehiago, ez dugu kanpoko eta barruko finantziazioen arteko oreka egokia izan", esan du Fernandezek, eta krisi "basati" honek ustekabean harrapatu gaituela erantsi du. Gainera, haren hitzetan, enpresen oreka "ez da aldatzen soilik kreditua emanez, ezpada lehiakortasuna handituz".

"Herrialde honen hainbat ezaugarrik, baina, ez dute leihakortasuna handitzen edo kanpoko inbertsioak erakartzen laguntzen", adierazi du.

Bestalde, Fernandezek zorra birfinantzatzeko orduan "muga estuak" izaten dituztela azpimarratu du.

Haren ustez, kreditua emateko orduan zabalago jokatzea eskatzen dieten horiek "birfinantzazioa zigortzeko neurri batzuk ezarri berri dituzte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea