Ekonomia -
Lan gatazka
Euskaltel 'desagertzeko' arriskuaz ohartarazi dute CCOOk eta ELAk
Abenduaren 16, 17 eta 18an 550 langileak greba egitera deitu dituzte sindikatuetako ordezkariek. Konpainiako historian aurreneko lanuztea izango da.
Erredakzioa
Enpresaburuen erabakiek Euskaltel "desagertzeko" arriskuan jarri dutela ohartarazi dute gaur CCOO eta ELA sindikatuek. Sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte datorren asterako kaleratzeei aurre egiteko.
Abenduaren 16, 17 eta 18an 550 langileak greba egitera deitu dituzte gaur sindikatuetako ordezkariek. Konpainiako historian aurreneko lanuztea izango da. Era berean, egun horietan manifestaldiak egingo dituzte.
Sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Bilbon. Zuzendaritzak sistemen alorra beste enpresa batek kudeatzea nahi duela salatu dute. Horrela, 40 langile "kaleratuko" dituzte, baina "icebergaren tontorra baino ez da".
Sindikatuetako ordezkarien hitzetan, "aldi berean 250 lanpostu deuseztatzeko lanean ari dira, 2014a amaitu baino lehen".
Javier del Blanco enpresa-batzordeko presidentearen ahotan, irailean hasitako prozesua "konpainiaren aktiboen zatiketan edo salmentan buka daitekeela ematen du". Irailean borondatezko 20 kaleratze egin zituzten eta 11 langilek aurretiko erretiroa hartu zuten.
Euskaltelek posizio sendoa du merkatuan eta 48 milioi euroko etekinak aurreikusi ditu aurten. Horregatik, lanpostuak "arriskuan jartzea lotsagarria da", salatu dute.