Ekonomia -
Lan-erregulazioa Gamesan
2010ean Gamesak Altsasun egindako lan-erregulazioa, bertan behera
Epaiaren arabera, lan-erregulazio plana Altsasuko lantegian negoziatu behar zen, eta, beraz, ebazpena Nafarroako Gobernuak hartu behar zuen, ez Lan Ministerioak.
Erredakzioa
Madrilgo Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Gamesak Altsasun zuen lantegian 150 lan-kontratu hutsaltzea ekarri zuen lan-erregulazioko plana. 2010 urtean ezarri zen plana.
Epaiaren berri ELA sindikatuak eman du. Sindikatua izan zen lan-kontratuak bertan behera uzteko administrazio-ebazpena auzitegira eraman zuena. Sindikatu horren arabera, "lan-erregulazioko plana Altsasuko lantegian negoziatu behar zen, eta, beraz, ebazpena Nafarroako Gobernuak hartu behar zuen, ez Lan Ministerioak".
Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Lan Ministerioak hartutako erabakia. Ministerioaren ebazpenak eragina zuen Altsasuko, Coruñako, Burgosko, Zaragozako eta Valladolideko lantegietan. Altsasuko lantegiaren kasuan, 150 kontratu ezeztatzea eragin zuen, eta gainerako lantegietan, kontratuak etetea.
"2010. urtean erotzat jo gintuzten Altsasun enplegua defendatu genuenean. Gaur, langile guztien borrokari esker, lan-erregulazioko plan bat bertan behera geratu da lehen aldiz", adierazi du Mikel Lakuntzak, Nafarroako ELA sindikatuko idazkari nagusiak.