Ekonomia -
Abenduan
Hiru greba egun egingo dituzte Euskaltelen, murrizketen aurka
Euskaltelek, bestalde, enplegu bat bera ere ez duela suntsituko bermatu du. Adierazi duenez, “aliantza estrategikoetan” lanean ari dira “aurrerapauso teknologiko” bat emateko
Erredakzioa
Euskalteleko langile batzordeak hiru greba egun deitu ditu abenduaren 16, 17 eta 18rako, enpresak aurkeztutako "kaleratzeei eta murrizketei erantzuteko". Enpresak Sistemak lan unitate ia osoa azpikontratatzeko asmoa azaldu eta gero erabaki dute langileek greba deitzea.
ELA sindikatuko iturriek adierazi dutenez, 40 langile inguru kaleratzea eragingo du Sistemak alorreko langileen bi heren azpikontratatzeak. Enpresak bederatzi milioi euro aurrezteko plangintzaren baitan hartutako erabakietako bat da hori."2008 eta 2012 artean 179 milioi eurotik gorako irabaziak izan arren, irabaziak hazten jarraitzeko helburua dute Euskalteleko akziodunek, eta, lan-kostuak murriztuz, langileen bizkar egin gura dute hori: negozio unitate batzuk azpikontratatuz eta azpikontratatutako zerbitzuetan aurreztuz", salatu dute.Horrela, ELAtik adierazi dute ez dutela "inola ere" onartzen enpresak aurkeztutako planteamendua, eta "egungo nahiz iragan hurbilean Euskaltelen akziodun izan direnen gehiegikeria" salatu du. Horregatik, enpresako langile batzordeak deitutako mobilizazio eta greba egunetan parte hartzera deitu ditu beharginak.Duela urtebete inguru izaera publiko edo erdi-publikoa zuten zenbait erakundek (Eusko Jaurlaritza, Kutxabank, Iberdola, Endesa eta Mondragon) beren akzioak saldu ostean aldatu ziren Euskaltel enpresaren jabeak. Egun, enpresaren akzioen % 49 Kutxabankek ditu, % 2 Iberdrolak eta % 48,1 International Cable BV enpresa holandarrak.
Aliantzen sorrera
Euskaltelek, bestalde, enplegu bat bera ere ez duela suntsituko bermatu du. Adierazi duenez, “lehen mailako sinesgarritasuna duten enpresekin aliantza estrategikoetan” lanean ari dira “aurrerapauso teknologiko” bat emateko eta euskal operatzailea gainerako enpresen aurretik jartzeko. Egun 60 langile dituen Sistemak alorrari dagokionez, 30 edo 40 langile hitzartutako beste enpresa horietan lan egitera igaroko lirateke, “baina Euskaltelentzat”.
Komunikabideekin elkartu dira Alberto Garcia Erauskin Euskalteleko presidentea eta Fernando Ojeda zuzendari orokorra.
Ojeda “harrituta” agertu da sindikatuek egin dituzten adierazpenekin eta “jendea kentzeko asmorik ez” dutela adierazi du. “Euskaltelen hurrengo pausoa eman nahi dugu, gero eta orokorragoa den merkatu batean aurrerapausoa eman nahi dugu”, esan du.
“Zerbitzu berriak eskaintzen dituzten nazioarteko konpainiekin aliantzak sortu nahi ditugu eta enpresa horiek eskaintzen dituzten baliabideak erabili nahi ditugu zerbitzuak eman ahal izateko”, gaineratu du Ojedak. “Modu adimentsuan egin nahi dugu hori, inork bere lanpostua galdu ez dezan”, baieztatu du.
“Euskaltelek ez du enplegua suntsitzen. Izen handiko enpresekin aliantzak sortzen ditu. Enpresa horiek, gainera, ez dute Euskaltelek emandako enplegua soilik hartuko, enplegu gehiago sortu beharko dute zerbitzu gehiago eskaini ahal izateko”, amaitu du.