Ekonomia -
Isunak bankuei
Bruselak isuna ezarri die sei bankuri, Euriborra manipulatzeagatik
Europako Batzordeak inoizko isunik handiena, 1.700 milioi eurokoa, jarri die sei banketxe handiri: Deutsche Bank, Royal Bank of Scotland, Societe General, JPMorgan, Citigroup eta RPMartin.
Erredakzioa
Europako Batzordeak 1.700 milioi euroko isuna ezarri die sei banketxe handiri, interes tipoen datuak, tartean Euriborra, manipulatzeko legez kanpoko akordio batean parte hartzeagatik. Deutsche Bank, Royal Bank of Scotland, Societe General, JPMorgan, Citigroup eta RPMartin dira zigortutako bankuak.
Barcklays eta UBS bankuek ere manipulazio horretan parte hartu zuten, baina Bruselaren aurrean kontua salatzeagatik ez dute isunik jaso.
"Libor eta Euribor interes tipoen eskandaluan harrigarriena honakoa da: ustez konpetentzia diren bankuek elkarlanean jardun dutela", Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteorde eta Lehia komisarioaren arabera. Horren ustez, isun horiek garbi uzten dute Europako Batzordeak jokamolde horiek zigortzeko duen determinazioa.
Barclays, Deutsche Bank, Royal Bank of Scotland eta Societe General bankuek Euriborra manipulatzeko akordio batean parte hartu zuten 2005 eta 2008 artean. Barclays bankuak ez du isunik jasoko, Bruselaren aurrean kontua salatzen aurrena izan zelako, eta aipaturiko beste hiru bankuek diru gutxiago ordaindu beharko dute Europako Batzordearekin kolaboratzeagatik.
UBS, RBS, Deutsche Bank, JPMorgan, Citigroup eta RPMartin finantza erakundeek, interes tipoetatik eratorritako produktuen gaineko akordio bat baino gehiago egin zituzten 2007 eta 2010 urteen artean. UBS bankua izan zen akordio hori salatzen lehena, eta ez du isunik ordaindu beharko.