Ekonomia -

Funtzio publikoa

Langile publikoen lanaldia mantenduko du Jaurlaritzak 2014an

Dekretu bidez onartuko du neurria Exekutiboak. Sindikatuak erabakiaren aurka agertu dira.

Eusko Jaurlaritzaren eraikina. Artxiboko irudia
Eusko Jaurlaritza
Eusko Jaurlaritzaren eraikina. Artxiboko irudia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak langile publikoen lanaldiaren igoera mantenduko du 2014 urtean. Sindikatuak neurriaren aurka agertu diren arren, langile publikoen urteko lanaldia 1.614,5 ordukoa izango da. Dekretu bidez onartuko da neurria.

Euskal Administrazioaren Mahai orokorraren bileraren ondoren hartu du erabakia Jaurlaritzak. ELA eta LAB sindikatuek ez dute bileran parte hartu eta ezarritako "murrizketen" aurka agertu dira. UGT eta CCOO sindikatuak berriz, bilera utzi dute akordio falta zela eta.

Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak onartu duenez, "hau ez da eszenatoki egokiena langile publikoen lan baldintzak aurrera ateratzeko". Negoziazioak "blokeatu" izanaren ardura ez du bere gain hartu.

"Zenbait sindikaturen negoziazio nahi eza eta blokeoa" salatu du Zearretak eta "batzuetan gauzak dekretu bidez egin behar" direla esan du. Dena dela, beste gai batzuen inguruan datorren urtean egingo diren bileretan sindikatuekin akordioak bilatzeko prest agertu da.

Datozen asteetan onartuko du Gobernuak langile publikoen lanaldiaren igoera ezartzen duen dekretua. 2013an bezala, datorren urtean ere, 1.614,5 orduko lanaldia izango dute 70.000 langile publikok.

Langileen bajak

Langile publikoekin lotutako bigarren dekretu bat ere onartuko du Gobernuak. Dekretu horrek langileen aldi baterako ezintasunak erregulatuko ditu. Lehenengotik hirugarren egunera soldataren %50 jasoko dute langile publikoek. Egun, aste bat igarotakoan jasotzen dute hori.

Laugarren eta hogeigarren egunaren artean %75 jasoko dute. Hogeigarren egunetik aurrera soldata osoa jasoko dute. Langilea erietxean badago edo ebakuntza egin badiote, haurra izan badu, adopzioa gauzatu badu, edo antzerako beste kasu batzuetan ere, soldataren osoa jasoko du.

Gaixotasun larriren bat duten seme-alabak zaintzeko ordaindutako baimena lortu ahal izateko baldintzak malgutzeko instrukzioa ere aldatuko du Jaurlaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea