Ekonomia -
Epaitegiak
Villadelprat errudun jo dute Epsilon Euskadiren kiebraren auzian
Hiru urteko inhabilitazioa eta 900.000 euroko isuna ezarri dio Gasteizko epaitegi batek konpainiaren administratzaile izandakoari.
Erredakzioa
Joan Villadelprat Epsilon Euskadi automobilismo enpresaren administratzailea errudun jo du Gasteizko epaitegi batek, eta hiru urteko inhabilitazioa eta 900.000 euroko isuna ezarri dio.
Gasteizko Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak emandako epaiaren arabera, Villadelpratek konpainiaren kaudimen-gabezia areagotu zuen konpainia konkurtsora atera baino lehen, "iruzur" eginez.
Hori dela eta, inoren ondasunak kudeatzeko edo inoren ordezkari izateko hiru urteko inhabilitazioa ezarri eta konkurtsoko hartzekodun moduan izan ditzakeen eskubide guztiak kendu dizkio, eta konpainia horren kiebraren eraginez zorretan utzitako hartzekodunei 899.263 euro ematera zigortu du.
Nazioartean lehiatzeko automobilismo proiektua izan zen Epsilon Euskadi, eta 50 milioi euro jaso zituen diru-laguntza publikotan (Jaurlaritzak emandakoak, barne). 2011ko otsailean hartzekodunen aurretiko konkurtsoa eskatu zuen, eta, urte bereko uztailean, konkurtsoa bera, Vital Kutxa eta Kutxarekin zituen maileguei aurre egin ezinik.
Arabako Teknologia Parkeak ordaindu beharko du Epsilon Euskadiren kiebrak eragindako zorra (16,3 milioi ingurukoa, Kutxabankekin apur bat murriztea negoziatu ostean). Jaurlaritza, Spriren bidez, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala dira Parkearen bazkideak.