Ekonomia -

Presidente berria BBK-n

BBK-ko presidente berriak 'zuhurtzia eta gertutasuna' agindu ditu

Aurrezki kutxaren Administrazio Kontseiluak Xabier Sagredo izendatu du presidente, Mario Fernandezen ordez.

Xabier Sagredo (ezkerrean), Mario Fernandezekin. EiTB
Xabier Sagredo (ezkerrean), Mario Fernandezekin. EiTB
Xabier Sagredo da BBK-ko presidente berria

0:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBKren Administrazio Kontseiluak Xabier Sagredo izendatu du presidente, espero bezala.

Astelehenean, Mario Fernandez aurreko presidenteak kargua utzi behar izan zuen, 70 urte bete dituelako, eta kutxaren estatutuek adin muga hori ezartzen dutelako karguan egoteko. Sagredo, BBKren presidenteordea, jarduneko presidente bihurtu zen orduan.

BBK utzi egin behar izan badu ere, Mario Fernandezek Kutxabankeko presidente izaten jarraituko du.

Sagredo iazko azaroan sartu zen BBKn, presidenteorde gisa zuzenean, eta joan den astean utzi zuen Bizkaiko EAJren zuzendaritza.

BBK-ko presidente berriak 41 urte ditu eta Portugaletekoa da. Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da, eta ibilbide profesionala Ipar Kutxan hasi zuen. Bilboko Portuaren Agintaritzan eta Iberdrola Generacion enpresan ere egin du lan.

"Balioak, gertutasuna eta profesionaltasuna"

Izendapena jaso eta gero, bere agintaldiaren ardatzak "balioak, gertutasuna eta profesionaltasuna" izango direla nabarmendu du Sagredok, baina betiere "zuhurtzia" oinarri hartuta.

BBK-ko presidente berriak uko egin dio soldata jasotzeari, kutxa fundazio bihurtu arte, eta Iberdrolan duena izan ezik, orain arte zituen gainerako kargu guztiak (Bizkaiko EAJko burukide eta Bilboko Portuko Agintaritzako kidea) utzi dituela jakinarazi du.

Mario Fernandezek ere hitza hartu du, eta 2014a finantza sektorearentzat urte zaila izango dela aurreratu du, besteak beste, araudi erregulatzaile berria eta Kutxen Legea indarrean sartuko direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea