Ekonomia -

2014ko prebisioak

Fagorren krisiak Jaurlaritzaren aurreikuspenak 'okertuko ditu'

Sailburuaren hitzetan, 2014. urtean susperraldia hasiko da Euskadin, oso modu apalean bada ere. Langabezia tasa % 14tik gora kokatuko da datorren urtean ere eta ez da enplegu garibirik sortuko.

Ricardo Gatzagaetxebarria, Legebiltzarrean. EITB.
Ricardo Gatzagaetxebarria, Legebiltzarrean. EITB.
Gatzagaetxebarria akordioetarako prest azaldu da

0:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak “egonkortasun ekonomikoaren norabidean” arraun egiteko deia egin du eta, Fagor Etxetresnakek bizi duen krisiaren ondorioz, datorren urtera begira aurreikusitako 4.000 lanpostuen suntsiketa “okertu” daitekeela onartu du.

Gatzagaetxebarria Legebiltzarrean izan da gaur, Ogasun eta Finantza Sailetako aurrekontuak aurkezteko.

Sailburuaren hitzetan, 2014. urtean susperraldia hasiko da Euskadin, oso modu apalean bada ere. Langabezia tasa % 14tik gora kokatuko da datorren urtean ere eta ez da enplegu garibirik sortuko, “atzeralditik ateratzea ez baita krisi ekonomikotik ateratzea”.

Datorrena urte “zaila” izango dela berretsi du eta Fagor Etxetresnakek bizi duen egoerak Jaurlaritzaren aurreikuspenak “oker” ditzakeela gaineratu du.  Hala ere, Fagorren krisiak izango duen eragina ikustera itxarongo dutela gaineratu du.

Aurrekontuen lehentasuna

2014ko aurrekontuen inguruan, “2013rako ezarritako lehentasun berdintsuak” izango dituztela esan du: babes sozialaren eredua mantentzea eta susperraldia lortzeko neurriak martxan jartzea, besteak beste.

2014ko Aurrekontuen egitasmoa 10.215 milioi eurokoa da, 2012koa baino % 2,2 gutxiago. Hala ere, egingo duen gastua kontuan hartuta, aurrekontua % 9,6 igoko da datorren urtean.

Ogasun eta Finantza Sailari dagokionez, aurrekontua 96,9 milioikoa izango da, iaz baino % 3,4 gehiago.

Horrez gain, Jaurlaritzaren egitasmoak Euskadiko 70.000 funtzionariei gabonetako eta udako ordainsariak aurreratzea aurreikusten du. Izan ere, urtarrilak 1 eta uztailak 1ean ordainduko dituzte datorren urteko ordainsari horiek

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea