Ekonomia -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Adegi: 'Fagorren krisiak itxiera eta langabe gehiago ekarriko ditu'
Jose Miguel Ayerzaren aburuz, enpresari emandako laguntzei buruz EAJren eta PSEren artean piztutako liskarrak "ez du zentzurik", eta, "atzeraldi sakonaren aurrean, herri mailako ikuspegia behar da".
Erredakzioa
Jose Miguel Ayerza Adegiko idazkari nagusiak aitortu duenez, Fagor Etxetresnaken egoeraren pisuak "Gipuzkoan eta, oro har, Euskadin enpresak ixtea eta langabezia maila igotzea ekarriko du". Halaber, EAJren eta PSE-EEren Jaurlaritzek enpresari emandako laguntzak direla eta sortu den liskarrak "zentzurik ez" daukala adierazi du, eta "herrialde mailako ikuspegia" eskatu du.
Radio Euskadik egindako elkarrizketan, Gipuzkoako patronalaren arduradun nagusiak "elkartasuna" helarazi die Fagorreko eta Mondragon Talde osoko langileei, "itxi behar izan dituzten enpresan zerrenda luzeari gehitu zaizkiolako eta une txarrak pasatzen ari direlako".
Ildo horretan, "Gipuzkoan azken urteetan 2.500 enpresa itxi dituzte eta 50.000 pertsonak galdu dute lanpostua", esan du Ayerzak, "eta, Euskadi osoari dagokionez, 7.500 enpresa eta 180.000 pertsona izan dira".
Fagor Etxetresnaken egoeraren zeharkako ondorioek "ezer positiborik" ekarriko ez dutela aitortuta, "Gipuzkoako enpresa nagusietako baten aurrean" gaudela ekarri du gogora.
"Fagorrek eman dituen zenbakietan agertzen denez, Euskadiko hornitzaileei 135 milioi euro ematen zizkien konpainiak erosketatan, eta 250 milioi Estatu osoko hornitzaileei. Bolumen nabarmena da, eta, zalantzarik gabe, Gipuzkoako eta, oro har, Euskadiko hainbat enpresa ixtea ekarriko du galera horrek", adierazi du.
Gaur, astelehena, Fagorreko arduradunek eta Diputazioko eta udaletako ordezkariek egin behar zuten bileraren aurrean, Ayerzak bertan "arazo larri honen konponbidea bideratzeko neurri bat" lortzeko itxaropena agertu du. Bilera hori atzeratu egin dute, baina.
Erakundeen laguntzak
Erakundeek enpresari azken hiletan emandako laguntzei buruz galdetu diotenean, Administrazioak egoera zailean dauden enpresentzako laguntza planak dituela esan du Adegiren ordezkari gorenak: "Gehienbat, bermeak eta maileguak ematean oinarritzen dira laguntzok, eta, gero, itzuli behar izaten dira". "Politika legezkoak dira, Europako Batzordeak ikuskatutakoak", azaldu du.
Horregatik guztiagatik, EAJren eta PSE-EEren Jaurlaritzek Fagorri eman zizkioten laguntzen kariaz sortu den polemikari dagokionez, "zentzurik" ez daukala iritzi dio Ayerzak, eta arreta "arazo nagusian, jasaten ari garen krisi sakonean," jarri behar dugula erantsi du.
"Jaurlaritza batek edo besteak gehiago lagundu ote duen ebazteko eztabaida eta polemiken gainetik, herrialde mailako ikuspegia izan behar dugu gai honi heltzeko. Albait lasterren egiten ez badugu, egoera okerrak luzaro iraungo du", abisatu du.
Haren iritzian, "egungo egoera 1929koaren antzekoa da, inoizko krisi larriena baita eta ondorio txarrek etorkizunean ere utziko baitute arrastoa; batik bat, arazoaren aurrean behar den maila ematen ez badugu".
Hori dela eta, "akordio zabalak" behar direla uste du, horrela egiten ez bada "inork ez baitu bere kasa aurrera egingo". "Alderdiek, enpresek eta langileek akordio handiak hitzartu behar dituzte. Atzeraldi sakonean gaude", azpimarratu du.