Ekonomia -
2014ko aurrekontuak
Bildu Gipuzkoako aurrekontu proiektua negoziatzen hasiko da laster
Inor baztertu gabe lan egingo dutela adierazi dute koalizio abertzaleko arduradunek, eta "negoziazioaren oinarria aurrekontuak eta horren edukiak izango dira".
Erredakzioa
Bildu oposizioko alderdiekin harremanetan jarriko da laster Gipuzkoako aurrekontuak aurrera ateratzeko. Alderdi guztiei irekitako negoziazioa izango dela nabarmendu dute koalizioko ordezkariek, eta eztabaidaren oinarria aurrekontuak eta horren edukiak izango direla gaineratu dute.
Koalizio abertzaleak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Donostian, eta Joxean Agirrek, Ainhoa Beolak, Begoña Vesgak eta Iñaki Ostolazak bertan parte hartu dute.
Bilduko ordezkariek ukatu egin dute aurrekontuak onartzeko sozio posible bakarra EAJ dela, hala ere, sozialistekin ados jartzea "oso zail" ikusten dutela onartu dute. Horien hitzetan, PSE-EEk modu desegokian jokatzen du Gipuzkoan: "Jon Peli Periguen diputatuaren kontrako mozioa aurkeztu zutenean argi gelditu zen horien jarrera, azkenean atzera bota bazuten ere".
Hala ere, oposizioko bi alderdi nagusiekin (EAJrekin eta PSE-EErekin) akordioa lortzea posible dela uste du Agirrek, beti ere "gipuzkoarren beharretara egokitzen den murrizketarik gabeko aurrekontu sozialen alde egiten badute".
Dena dela, argi utzi nahi izan dute balizko akordioaren oinarriak aurrekontuaren edukiak izango direla eta ez lehentasunezko bazkide bat aukeratzea.
Duela gutxi, Joseba Egibar jeltzalea Bildurekin Gipuzkoako aurrekontuak negoziatzeko prest agertu zen, eta jeltzaleek Euskadiko erakundeen egonkortasuna bermatzeko lan egingo dutela nabarmendu zuen.
Rafaela Romero PSE-EEk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak adierazi zuenez, sozialistek jarrera harbera eta irekia izango dute Bilduk aurrekontuak negoziatzea proposatzen badie. Hala ere, akordioa lortzea zail ikusten du, koalizio abertzaleak "konfiantza falta" sortzen duela argudiatuta.