Ekonomia -
Solasaldia Radio Euskadin
EAJk Aurrekontuen gaineko negoziazio 'irekia' aurreikusi du
Egibarren esanetan, erakundeetan osoko zuzenketak ez aurkezteko konpromezua hartu du alderdi jeltzaleak; 2014rako Aurrekontuek aurrera egitea errazteko asmoz
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak iragarri duenez, euskal erakundeetan aurrekontuen inguruko negoziazio 'irekia' izango da, eta osoko zuzenketak ez aurkezteko konpromezua hartu du alderdi jeltzaleak, 2014rako Aurrekontuek aurrera egitea errazteko asmoz.
Egibarrek Radio Euskadiko goizeko solasaldian egin ditu adierazpenok, Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderi guztietako kideekin, UPyD izan ezik.
2014rako Euskal Aurrekontuen proiektua Eusko Legebiltzarrean erregistratu eta gero, EAJren bozeramale eta GBBren presidentea ziur agertu da PSE-EErekin lortutako itun fiskalak euskal aurrekontuetan 'isla' izango duela.
Egibarrek garbi utzi du EAJk iaz hartutako konpromezuari eusten diola, hau da, ez dituela osoko zuzenketak aurkeztuko erakundeetan, akordio orokorrak lortzea errazteko asmoz, bere ustetan "posible" baitira.
Bestalde, Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri ohartarazi dionez, koalizio abertzaleak (Gipuzkoako Gobernuaren buru da) "koherentzia" printzipioak oinarri hartuta eta ez "Gobernuan nor dagoen begiratuta" ekingo die negoziazioei.
"Aurrekonturen batekin ados ez bagaude, zuzenketa aurkeztuko dugu. Ez ditugu babesak partekatuko, baizik eta kudeaketa zentzu politikoarekin jantzi nahi dugu", argi utzi du Matutek. Halaber, deitoratu du Eusko Jaurlaritzaren proiektuak ez duela fiskalitatearen igoera mailakatuta jasotzen, ezta aberastasuna eta enplegua banatzeko neurririk ere.