Ekonomia -
2014ko aurrekontuak
Gipuzkoak aurrekontu proiektua aurkeztu du, %3ko igoerarekin
758 milioi euroko diru poltsa izango du Diputazioak, eta erdia gizarte politikara bideratuko da.
Erredakzioa
Gipuzkoako Diputazioak 2014ko aurrekontu proiektua aurkeztu du ostegun honetan. Orotara, Diputazioak 758,6 milioi euroko aurrekontua izango du, aurten baino % 3 handiagoa, eta diruaren erdia gizarte politikara bideratuko da. Gainerako lehentasunak, Mugikortasun eta Bide Azpiegitura saila (% 16,4), enplegua, tokiko garapena, proiektu kulturalen sustapena, eta euskara izango dira.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Helena Franco Ogasun diputatuak 2014ko aurrekontu proiektua eman diote Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteari, eta kazetarien aurrean aurrekontu proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte.
Garitanoren esanetan, aurrekontu proiektu horren atzean filosofia bat dago: "agortuta dagoen ekoizpen eta kontsumo eredu jasanezin batetik, bizi kalitatean oinarritutako giza eredu berri batera jauzi egin nahi dugu".
Helena Francok barne produktu gordinaren, enpleguaren eta zerga diru sarreren igoera aurreikusi ditu 2014rako. Halaber, zerga eredu berri baten alde egin dutela gaineratu du: bidezkoagoa, progresiboa eta dirua biltzeko gaitasun handiagoa duena.
"Pertsonen bizi kalitatea hobetzen duten eta lurraldearen ekonomian eragin positiboa izango duten proiektuei lehentasuna eman diegu", azaldu du. Aurrekontu proiektuko lehentasunak gizarte politika, garraio publikoa, enplegua eta tokiko garapena, eta kultur proiektuen eta euskararen garapena dira.
Sailez sail, gizarte politikakoak izango du diru gehien (% 48,7), Menpekotasun legearen baitako zenbatekoak mantentzeko, pobreziaren kontra bideratutako diru partidak hirukoizteko, gizarte zerbitzuetan eta zahar egoitzetan lan egiten dutenen lan baldintzak hobetzeko, eta gutxitasunak dituzten lagunen estaldura hobetzeko.
Aurrekontuaren % 16 Mugikortasun eta Bide Azpiegitura sailera bideratuko da, eta lehentasunak autobus zerbitzua hobetzea, txirrindularientzako bideak egitea eta errepideak mantentzea izango dira.
Bestalde, inbertsioen alorrean banaketa ondorengoa da: 44,64 milioi euro errepideak mantentzeko, 25 milioi euro errepide berriak egiteko eta daudenak hobetzeko, 30,4 milioi euro garraioa sustatzeko eta promozionatzeko, 13,45 milioi euro ingurumen kalitatea hobetzeko, 17,98 milioi euro suaren kontrako babes eta salbamendua zerbitzua hobetzeko, 11,53 miloi euro landa garapena bultzatzeko eta 13,6 milioi euro kirol jarduerak sustatzeko.