Ekonomia -

Adierazpenak

Botin: 'Itzela da, dirua nonahitik heltzen ari da'

Santander bankuko presidenteak azken hilabeteetan Espainian "aldaketa nabaria" izan dela txalotu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emilio Botin Santander bankuko presidenteak azken sei hilabeteetan Espainian "aldaketa nabaria" izan dela goratu du: "Itzela da, dirua nonahitik heltzen ari da".

Botinek prentsaurrekoa eskaini du ostegun honetan AEBn, Santander bankuaren marka aurkezteko. Agerraldi horretan, inbertitzaileek Espainiaren aurrean duten konfiantza "ikaragarri hazi" dela eta orain "askok" inbertsioak egin nahi dituztela adierazi du bankariak.

"Denek dute Espainiara etortzeko interesa. Dirua burtsara, zor publikora eta inbertsioetara heltzen ari da. Ez dakizue zer-nolako aldaketa gertatu den azken sei hilabeteetan!", gaineratu du.

Adibide gisa, duela hilabete batzuk Txinan gertatu zitzaiona jarri du: "Espainiako zor publikoan inbertitu nahi ez zuen bezero bati oker zegoela eta erosi egin behar zuela esan nion. Lehengo egunean deitu egin zidan, aholkua eskertzeko eta gomendatutakoa baino gehiago erosiko duela esateko".

Botinen esanetan, Espainiaren egoera "ikaragarri ona" da gaur egun, Gobernuak egindako erreformen ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea