Ekonomia -

Ontziolak, kinka larrian

'Tax Lease' berria ezarri ezean, ontzigintza sektorea desager liteke

Metalgintza Enpresen Bizkaiko Federazioak salatu duenez, "ez dago proiektu berrietarako finantzaziorik", aurreko 'tax lease'a bertan behera geratu delako eta erregimen berririk ezarri ez delako.

Ontzigintza sektorea kinka larria dagoela ohartarazi dute. EiTB
Ontziolak, kinka larrian
Ontzigintza sektorea kinka larria dagoela ohartarazi dute. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Metalgintza Enpresen Bizkaiko Federazioak ohartarazi duenez, 'tax lease' edo ontziolak laguntzeko finantza sistema berria ezarri ezean, ontzigintza sektorearen 'zati handi bat' desagertzeko arriskua dago.

Federazioak ohar batean adierazi duenez, Europar Batzordeak bertan behera utzi zuen 2007-2011 urteen artean indarrean egon zen 'tax lease'a eta, ordudanik, "ziurgabetasuna da nagusi" sektorean.

Indargabetutako 'tax lease' hori ordezkatuko duen beste erregimen bat ezartzearen erabakia ere, "atzeratzen" ari da eta, horren ondorioz, "finantzazio oro etenda dago".

"Zehaztugabetasun horren ondorioz, ontzigintza sektorean ez da proiektu berrietarako finantziaziorik eta, horrela jarraituz gero, sektorearen zati handi bat kolokan egon liteke, horrek teknologian eta lanpostuetan ekar lezakeen galerarekin", ohartarazi du.

Ingurumaria horretan, "finantzazio partekatua eta dirua itzultzeko bermeak" galdegin ditu, "Banka Publikoaren laguntzarekin, beharrezkoa bada", erantsi du Federazioak.

Amaitzeko, "tax Lease sistema berria ezartzeko eta finantzazio arazoak konpontzeko" Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari egindako eskaera babestu du Bizkaiko Federazioak bere oharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea