Ekonomia -

Eurotaldearen bilera

Espainiaren erreskatea ez dela luzatuko uste du Eurotaldeak

Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentearen aburuz, Espainiari laguntzeko programa urte bukaeran amaituko da seguruenik.

Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentea bilera hasi baino lehen. Argazkia: EFE
Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentea bilera hasi baino lehen. Argazkia: EFE
Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentea bilera hasi baino lehen. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentearen aburuz, Espainiari laguntzeko finantzaketa programa urte honen bukaeran amaitu daiteke eta ez da luzapenik izango. Halaber, inork ez du programa luzatzea eskatu, gaineratu du.

"Programa amaituko den ustea dugu", azpimarratu du Dijsselbloemek Eurotaldearen bilera amaitu ostean. Azken erabakia, ordea, azaro erdialdean egingo duten bileran hartuko dute Eurotaldeko kideek.

Dijsselbloemek ezeztatu egin du Eurotaldearen barruan presiorik dagoenik Espainiak programa luzatu dezan edo diru gehiago eskatu dezan. "100.000 milioi euro jarri ziren Espaniaren esku, eta horietatik 41.300 milioi euro erabili ditu", esan du.

"Ez dakit nondik atera den zurrumurru hori", gaineratu du Eurotaldeko presidenteak. "Gai horren inguruan ez da eztabaidarik egon, eta inork ez du esan Espainiari programa luzatu behar zaionik edo diru gehiago eman behar zaionik", baieztatu du.

Espainiaren egoera aztertu dutela esan du Dijsselbloemek, eta "azterketa positiboa" jaso dutela, eta azken erabakia azaroan hartuko dutela nabarmendu du.

Hilabete gutxi barru amaituko dira Espainia eta Irlandari emandako laguntzak. Bi herrialdeen egoera "oso ezberdina" dela azpimarratu du Dijsselbloemek, eta Dublinek agian laguntza gehiago beharko dituela aipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea