Ekonomia -
Epaia
Laboral Kutxak ezarritako zoru-klausula bat indargabetu du epaileak
Epailearen erabakiaren arabera, zoru-klausula horrek "sortutako kalte ekonomia agerikoa da".
Erredakzioa
Bilboko Merkataritza-gaietarako epaitegiak Laboral Kutxak mailegu batean ezarritako zoru-klausula indargabetzea erabaki du. Zoru-klausula horren aplikazioak maileguaren hartzaileei "kalte ekonomiko handiak" eragin dizkiela adierazi du epaileak.
Urriaren 9an hartutako erabakian, epaileak salatzaileen eskaera aintzat hartu eta zoru-klausularen aplikazioa behin-behinekoz etetea erabaki du, izan ere, epailearen iritziz, "litekeena da klausula hori indarrik gabe geratzea".
Epailearen idatziaren arabera, bi aldeek 2007ko otsailean sinatutako maileguan euriborra + % 0,50eko diferentziala zuen interesa aplikatzea adostu zuten.
Hala ere, bezeroei % 3ko interesa aplikatu diete maileguan jarritako zoru-klausularen ondorioz, eta klausula horrek interes baxuagoa aplikatzea galarazten du.
"Kalte ekonomiko nabarmena"
Epailearen erabakiaren arabera, zoru-klausula horrek "sortutako kalte ekonomia agerikoa da", izan ere, hilean ordaindu beharreko kuota "200 euroan garestitzen die".
Epaileak azpimarratu egin du epaitegi asko mailegu hipotekarioetan agertzen diren zoru-klausulak "indargabetzen" ari direla.