Ekonomia -

Erreserba Federala

Janet Yellen, krisia aurreikusi zuen emakumezko ekonomialari bikaina

Litekeena da orain arte AEBko banku zentraleko bigarrena izan dena presidente izatera heltzea, hautagai bakarra baita.

Janet Yellen Erreserba Federaleko presidente izan liteke. EFE
Janet Yellen
Janet Yellen Erreserba Federaleko presidente izan liteke. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dena ondo bidean, AEBko Erreserba Federaleko presidente bihurtuko den Janet Yellen begi zorrotzeko emakumea dela ezin ukatu. 2008ko krisia aurreikusten lehenengoetakoa izan zen, ibilbide profesional akasgabeduna.

Yellen AEBko banku zentralaren buru izateko proposatuko du asteazken honetan Barack Obama presidenteak. Kargua hartzeko hautagai bakarra da, Larry Summers Altxor Publikoko idazkariordeak uko egin ostean.

Erreserba Federalaren bigarrena da egun Yellen, eta 2007an krisi ekonomikoa aurreikusi zuen bakarrenetarikoa izan zen.

"Igarle" aparta

Erreserba Federalak gutxitan plazaratzen ditu euren kideen analisi eta deliberoak, baina zenbaitetan, bost urteko atzerapenarekin bada ere, aktak kaleratzen ditu.

Horietako batean jasota dago Yellenen aurreikuspena. 2007ko abenduan, Finantza krisiak eztanda egin aurreko bileren transkripzioan ageri denez, Yellenek hauxe esan zuen: "Kreditua uzkurtu eta atzeraldian sartzeko aukera handiegia dago". Orduko hartan San Franciscoko Erreserba Federaleko presidente zen.

Erreserba Federaleko gainerako kideak ez ziren horren ezkor. William Dudley New Yorkeko Erreserba Federaleko buruak, esaterako, honakoa bota zuen: "Beldurra ez da horrenbesterainokoa, eta hipoteken krisiaren arriskua ere apaldu egin da".

Hilabete batzuen buruan finantza sistemak behea jo zuen. AEBko banketxe garrantzitsuenetakoak, Lehman Brothersek, porrot egin zuen, eta Citigroup eta AIG erreskatatu egin behar izan zituzten.

Krisia aurreikusi izanak Erreserba Federalean gora egitea ekarri zion, eta 2010ean presidenteorde izendatu zuten.

Langabeziarekin arduratuta

Ben Bernankeren konfiantzazko kidea bilakatu da ordudanik Yellen, eta ekonomia suspertzeko bonuak erosteko operazio milioiduna abiatu dute biek.

Erreserba Federalaren hizkuntzan "usoa" izenaz ezagutzen den profila du Yellenek. Hots, inflazioarekin arduratuta egon barik (hauei "belatz" esaten diete), langabezia du kezka nagusi. Izan ere, AEBn langabezia tasa % 7,3koa da.

Erreserba Federalak enplegua sustatzeko eta prezioen egonkortasunari eusteko helburu bikoitza du, baina "belatzek" langabeziaren kontrako borroka gehiegizkoa kritikatu ohi dute.

Ibilbide profesional arrakastatsua

67 urteko emakume honen ibilbide profesionala akasgabea da ia. Joseph Stiglitz Nobel saridunak horren hautagaitza babesteko ekitaldian esan zuenez, "inoiz izan dudan ikaslerik onena da".

Yale Unibertsitateko Ekonomia doktore hau Harvard, London School of Economics eta Berkeley zentroetan ere irakasle ibilitakoa da. Azken honetan, irakasle emeritu izendatu berri dute.

AEBko Administrazioan ere kargu garrantzitsuak izan ditu. Besteak beste, Etxe Zuriko Ekonomia aholkulari izan zen Bill Clintoren garaian.

Orain, Senatuak horren hautagaitza onartzen badu behintzat, Erreserba Federaleko Presidentetza eskuratzen duen lehen emakumezkoa izan liteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea