Ekonomia -
Lan hitzarmenaren urraketak
Lan-ikuskaritza San Mames berriko hiru enpresa ikertzen ari da
Antza denez, futbol-zelai berriko obretan lanean ari diren 67 enpresetatik hiruk soldata txikiegiak ordaindu dituzte. Urraketaren "zantzuak" aurkitu dituztela azaldu du Lan sailburuak.
Erredakzioa
San Mames futbol-zelai berria egiten ari diren hiru enpresa ikertzen ari da Lan-ikuskaritza. Lan baldintzak eta araudia urratu ote dituzten ikertzen ari dira.
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzako Juan Maria Aburto Lan sailburuari galdera egin dio gaur, Gasteizko Ganberan. Athleticen futbol-zelai berriaren obretan lanean ari diren enpresen ustezko irregulartasunak eta salaketak hizpide izan ditu Maneirok.
Lan hitzarmenak eta lan-arriskuen prebentzioaren araudia errespetatuko direla bermatzea eskatu zien ELAk euskal erakundeei orain dela gutxi. Era berean, obra publikoetan ari diren enpresek langileei baldintza eskasak inposatzen badizkiete zigor "eredugarriak" ezartzeko eskatu zien sindikatu abertzaleak administrazioei.
Dirudienez, futbol-zelai berriko obretan lanean ari diren 67 enpresetatik hiruk soldata txikiegiak ordaindu dituzte. Urraketaren "zantzuak" aurkitu dituztela azaldu du Aburtok.
"Esklabotza"
Ikerketa bukatzen denean ondorioen txostena Eusko Legebiltzarraren eskuetan utziko dutela iragarri du sailburuak. Langileek hamabi orduko lanaldiak eta 600-900 euroko soldatak dituztela baieztatzen baldin badute, horiek "esklabotza" baldintzak izango litzatekeela onartu du Aburtok.
Sailburuaren hitzetan, Lan-ikuskaritzak ezusteko bisitak egin ditu San Mames berriaren obretara 2011ko irailetik aurrera. Aipatutako salbuespenak kenduta, Bizkaiko eraikuntzaren lan-hitzarmena eta lan-arriskuen prebentziorako araudiak "errespetatzen" direla ziurtatu du Aburtok.