Ekonomia -
Langabeziaren datuak
Langabezia 'urte askoan' baino gutxiago hazi izana txalotu du Rajoyk
Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan, Espainia "atzerritarrek inbertitzeko leku egokiena" da.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak irailean langabezia berriz hazi zela aurreratu du, baina, hala ere, irail batean "urte askoan" izandako "datu onena" dela goratu du.
Agintariak Tokion, Espainiako eta Japoniako enpresaburuen arteko topaketa batean, egin du iragarpena, baina datu zehatzik eman gabe.
Rajoyk adierazpen horiek egin eta ordu gutxira, Enplegu Ministerioak langabeziaren datu ofizialak eman ditu: 25.572 pertsona gehiago izan ziren langabezian (% 0,54), irailean. Guztira, 4.724.355 pertsona daude jada lan barik Estatuan.
Bestalde, erreforma ekonomikoen ostean, Espainia "atzerritarrek inbertsioak egiteko leku egokiena" dela nabarmendu du Rajoyk.
Horren esanetan, uda hasi baino lehen erreskatea noiz etorriko zen izan zen zalantza, baina, orain, "hori historia da".
"Gaur, Espainiako ekonomiaren hazkundearen tamaina nolakoa izango ote den da galdera", gaineratu du.