Ekonomia -
Lau orduko bileraren ondoren
Akordiorik gabe, lanuzteak egingo dituzte astearte honetan Bizkaibusen
07:30etik 09:30era, 18:00etatik 20:00etara eta 22:30etik 00:30era egingo dituzte lanuzteak. Irailaren 26rako greba eguna deitu dute.
Erredakzioa
Bizkaibuseko sindikatuetako ordezkariek eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek lau orduko bilera egin dute astelehen honetan Bilbon, baina ez dute akordiorik lortu eta, ondorioz, astearte honetatik aurrera deitutako lanuzteei eutsiko diete langileek.
ELAk, CCOOk, UGTk, LABek eta USOk aho batez erabaki dute deitutako protestei eustea, eta 07:30etik 09:30era, 18:00etatik 20:00etara eta 22:30etik 00:30era egingo dituzte lanuzteak astearte honetan.
Halaber, greba eguna deitu dute hilaren 26rako.
Sindikatuek salatu dutenez, ez dute Aldundiaren idatzizko bermerik jaso Bizkaibuseko zerbitzuen eskaintza berriaren aurrean.
"Konpromisoa paper batean jasotzeko asmoa geneukan, baina ezinezkoa izan da. Ez dute argitasunez eta zehaztasunez jardun'', azaldu du CCOO sindikatuko ordezkariak.
Aldundiak, bestalde, atsekabea agertu du akordio falta dela-eta, eta akordio hori ''datozen egunotan'' lortzeko esperantza agertu dute Aldundiko iturriek.
Bizkaibuseko zerbitzuaren inguruan Bizkaiko Foru Aldundiak abuztuan kaleratutako eskaintzak langileen lan baldintzetan izan dezakeen eragina dela-eta deitu dute langileek protesta. Zehazki, TCSA, CAV, Encartaciones, Pesa Bizkaia, Autobuses de Lujua eta Adnor enpresetako 1.400 langileri eragiten die eskaintza berri horrek.