Ekonomia -
Fagor eta Eroskiren ekarpenak
Menpeko ekarpenen auzian deliturik dagoen ikertzen ari da Fiskaltza
Horrela adierazi du Iñigo Lamarka Arartekoak Legebiltzarrean. Kaltetuek Arartekoari igorritako kexen inguruan hitz egin du.
Erredakzioa
Iñigo Lamarka Arartekoak adierazi duenez, Fiskaltza Eroski eta Fagorren menpeko finantza-ekarpenen merkaturatzean delitu "zantzurik" dagoen "ikertzen" ari da.
Lamarka Eusko Legebiltzarrean izan da gaur, Kontsumo Batzordean hain zuzen ere. Bertan, finantza produktu hauen inguruan jaso dituen kexen berri eman du.
Arartekoak adierazi duenez, erakundearekin harremanetan jarri diren herritarrek produktuaren inguruan "argibide gutxi, batzuetan engainagarria" jaso izana salatu dute.
"Fiskaltzak egoera honen berri du eta delitu penalik dagoen ikertzen ari da", baieztatu du Lamarkak.
Arartekoak dioenez, "kasu askotan" finantza-produktua aurreztaile txikien artean merkaturatu zen, "konfidantzazko" banketxeak emandako aholkuak jarraituz eta "produktuaren inguruko benetako ezagutzarik izan gabe".
Eusko Jaurlaritzaren eskumenak defendatu ditu kontsumitzaileak babestu ahal izateko eta arlo horretan Kontsumobidek prebentzio-lana egin dezala eskatu du. Era berean, halakorik ez gertatzeko legedia aldatu behar dela azpimarratu du.
200 lagun inguru jarri dira Arartekoarekin harremanetan bere kasuaren berri emateko. Joan den urtean 9 erreklamazio jaso zituen Arartekoak eta aurten 2013.