Ekonomia -
Mobilizazioak
Bizkaibuseko langileek lanuzteak iragarri dituzte
ELA, LAB, CCOO eta USO sindikatuek lanuztea deitu dute irailaren 24rako.
Erredakzioa
Bizkaibuseko langileek datozen asteetarako mobilizazioak eta lanuzteak iragarri dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiaren lizitazio berriak enpresaren zerbitzuetan eragindako murrizketak salatu nahi dituzte modu horretan.
ELA, LAB, CCOO eta USO sindikatuek geldialdiak iragarri dituzte irailaren 24rako. Egun horretan bi orduko hiru lanuzte egingo dituzte: 07:30 eta 09:30 artean, 18:00 eta 20:00 artean eta 22:30 eta 00:30 artean. Era berean, greba deialdia egin dute irailaren 26rako. Egun horretatik aurrera, astero egun bateko greba egingo dute, zerbitzua urriaren 21etik 27rako astean erabat gelditu arte.
Konpainiako sindikatu nagusia den UGT-Euskadik biltzarrean erabakiko du greba deialdiarekin bat egiten duen edo ez.
Gaur arratsaldean langileen ordezkariak Diputazioko Garraio saileko arduradunekin bilduko dira konponbide bat bilatzeko asmoz.
Manifestazioa
Bizkaibuseko langileek manifestazioa egin dute goizean Bilbon, zerbitzu murrizketa eta lanpostu suntsiketa salatzeko. Sindikatuen aburuz, "lizitazio berriak argi erakusten du dirua aurrezteko edozer gauza egiteko gai dela Diputazioa, zerbitzuaren eta lan-baldintzen kaltetan". Era berean, erakundearen jarrera ere salatu dute, "sindikatuek, gizarte eragileek eta alderdi politikoek aurreproiektuan jasotako ekarpenak kontuan izan gabe ezarri baitute".
Sindikatuek diotenez, "hirigunean eta hiriartean zerbitzua eskaintzen duten 15 autobus-linea kendu egingo dira eta beste hainbat autobus-linearen maiztasunak murriztu egingo dira". "Gainera, ez dira beharrezkoak diren hobekuntzak egingo", adierazi dute.
Murrizketen eraginez 300 langileren lanpostuak arriskuan daudela, eta azken 25 urteetan lanean aritu diren langileen jarraikortasuna ez dagoela bermatuta azpimarratu dute langile ordezkariek. Lanean arituko direnen lan-baldintzak zihurtatzen ez dituela gaineratu dute.
Hori dela eta, sindikatuek lizitazio prozesua gelditzea eskatu dute.