Ekonomia -

Mailegu arinak

Ontziolen sektoreari zuzendutako laguntza plana iragarri du Soriak

Laguntzen itzuleraren kontra helegitea jarriko dutela baieztatu du Industria ministroak. Hilaren 18a baino lehen jakinaraziko dute itzuli beharreko zenbatekoa.

Industria ministroak ontziolen sektoreari zuzendutako laguntza plana aurkeztu du

1:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ontziolen sektoreari zuzendutako laguntza plana aurkeztu du astelehen honetan Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak. ''Finantzaketa neurri arinak eta esportazioari zuzendutako maileguak'' ditu planak oinarri, inbertitzaileen konfiantza berreskuratzeko asmoz. Halaber, jasotako laguntzen itzuleraren kontra helegitea jarriko dutela eta itzuli beharreko zenbatekoa hilaren 18a baino lehen jakinaraziko dutela azaldu du.

Erkidegoetako ordezkariekin, sindikatuekin eta enpresariekin bilera egin du gaur ministroak, eta, hitzordua bukatuta, laguntza planaren berri eman du. Soriak esan duenez, ez da ''diru pakete bat'', ICO mailegu sorta baino. Merkatuak eskaintzen dituen interesen azpitik eskainiko dituzte. Edonola ere, oraindik neurriak erabat zehaztu gabe daudela azaldu dute.

Aurretik ezarritako finantzaketa sistema berriarekin batera abiatuko dute laguntza plana, Europako Batzordeak indarrean zeuden laguntzak itzultzea ebatzi ondoren.

Laguntzen itzulera

Soriak azaldu duenez, Miguel Ferre Estatuko Ogasun idazkariak eman die erkidegoetako ordezkariei laguntzen itzuleraren inguruko egoeraren eta itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko egiten ari diren izapideen berri. Zenbateko zehatza hilaren 18a baino lehen jakinaraziko dutela ere azaldu du ministroak.

Edonola ere, azken zenbateko hori 2.000 milioi eurotik ''oso behera'' egongo dela berretsi du Soriak.

Joan den uztailaren 17an, ontzigintza sektoreko tax-lease laguntzak itzuli beharra dagoela ebatzi zuen Europak, eta erabaki horren aurrean helegitea jarriko zuela aurreratu zuen Gobernuak. Helegite hori aurkezteko epea hilaren 28an bukatzen da.

''Garrantzitsuena aurrera egitea da''

Bilera bukatuta, Juan Ignacio Motiloa Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak esan du Euskadiko ontziolek segurtasun juridikoa behar dutela, kontratuak sinatu ahal izateko. Sailburuaren hitzetan garrantzitsuena aurrera egitea da, ''baina modu egokian''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea