Ekonomia -
Errepideak
Bidelanekin duen kontratua 'baliogabetzea' eskatuko du Gipuzkoak
Gipuzkoako Aldundiak auzitegira joko du, "neurriz kanpokoa" jotzen duten kontratua "baliogabetzeko" asmoz.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidelanen kudeaketa bere gain hartzeko asmoa iragarri du gaur. Bidelan enpresa pribatuak AP-8 eta AP-1 autobideak kudeatzen eta mantentzen ditu.
Gipuzkoako Aldundiak auzitegira jo du, "neurriz kanpokoa" jotzen duten kontratua "baliogabetzeko" asmoz.
Larraitz Ugarte Azpiegitura arduradunak nabarmendu du Aldundiak Bidelanen lan berdina egin dezaketela, baina 12 milioi euro aurreztuta. Azaldu dutenez, ez diote enpresa pribatu bati ordainduko "Aldundiak bere kabuz merkeago egin badezake".
Ugarteren arabera, Bidelanek 38 milioi euro kobratzen ditu AP-8 eta AP-1 errepideak mantendu eta kudeatzeko. Gipuzkoak bere gain hartuz gero, 12 milioi euro aurreztuko lituzke.
Gainera, Foru Aldundiak auzitegietara joko du Bidegik Bidelanekin duen kontratua "baliogabetzeko". Ugartek salatu du kontratuak "gehiegizko klausulak" dituela, eta gainera Bidelanek ezin duela gastu gehiago onartu, zor asko dituelako.
Kontratua 2010ean luzatu zuten, krisiaren hasieran. % 7,7ko irabaziak bermatu zizkioten Bidelani, trafikoaren murrizketa orekatzeko.
Bidelaneko langile batzordearekin bildu da dagoeneko Aldundia. 200 bat langilek egiten dute lan errepideak mantentzen, eta Larraitz Ugartek bermatu du lanpostuak ez daudela arriskuan. Alegia, zerbitzua Diputaziora pasatuz gero, langile berberak mantendu egingo dituztela.