Ekonomia -
Bilera, Bilbon
Kontratu berriak, Jaurlaritzaren eta euskal ontzigintzaren lehentasuna
Dagoeneko bi kontratu berri lortu dituztela iragarri dute. Diru-laguntzak berreskuratzea Gobernu Zentralari dagokiola gogoratu du Tapiak.
Erredakzioa
Jaurlaritzak eta euskal ontzigintza sektoreko ordezkariek (ontziolek, ontzi-enpresek eta sindikatuetako ordezkariek) bilera egin dute astelehen honetan Bilbon, 'tax lease' laguntzek utzitako egoera aztertu eta sektorearen etorkizuna jorratzeko.
Bilera horretan, ''inbertitzaile berriekin kontratu berriak'' lortzea lehentasuna izango dutela adostu, eta sektoreari segurtasun juridikoa eskaini beharra azpimarratu dute. Halaber, "tax lease" sistema berriarekin dagoeneko bi kontratu berri sinatu dituztela iragarri dute.
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak azaldu duenez, ''epe laburrerako, epe ertainerako eta epe luzerako'' neurriak bilduko dituen plan estrategikoa jorratuko du Jaurlaritzak ontzigintza sektorearekin, eta, horren harian, datorren hilabeteotan abiatu beharreko neurriak aztertu dituzte.
Hala, irailetik aurrera bilerak egingo dituen lantalde berriaren helburu nagusiak zehaztu dituzte. Tapiak azaldu duenez, abiatutako sistema berria aztertu, finantzaketa ildo berriak landu, inbertitzaile berriak lortu eta ikerketa eta garapena bultzatzea izango dute helburu.
Sailburuak azpimarratu duenez, finantzaketa sistema berria ezarri zutenetik, bi kontratu berri lortu dituzte dagoeneko euskal ontziolek. ''Sistema berriak etorkizuna du, baina oinarriak ezarri behar dira. Segurtasuna juridikoa eskaini eta finantzaketa bilatzeko lan egin behar dugu'', gaineratu du.
Itzuli beharreko zenbatekoa
Bestalde, diru-laguntzak berreskuratzea Gobernu zentralari dagokiola gogoratu du Arantza Tapiak. ''Espainiar Estatuak jaso du zigorra, eta berak kalkulatu beharko du 1.000, 400 ala 200 milioi diren'', gaineratu du.
Halaber, isunaren kontra helegitea jartzeko denbora dagoela gogoratu du sailburuak.
Izan ere, irailaren 28ra arteko epea dago zigorraren aurkako helegiteari buruz azkeneko erabaki bat hartzeko, baina Espainiako Gobernuak dagoeneko helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du.
Eusko Jaurlaritza helegitea jartzearen alde dago, erabaki honek sektoreari kalterik egiten ez dion bitartean eta zigorra bertan behera uzteko kautelazko neurriak direnean.
Halere, Gobernu zentralak oraindik ez du erabaki kautelazko neurririk eskatuko dituen, hasiera batean hala iragarri bazuen ere, zerbitzu juridikoek esango dutenaren esperoan.