Ekonomia -
Mozkinak
Gamesa konpainiak 22 milioi irabazi ditu urteko lehen seihilekoan
2012ko epe berdinean 33 milioi euroko galerak izan zituen Gamesak. Hala ere, enpresaren salmentek % 26,4 behera egin dute.
Erredakzioa
Gamesa konpainiak 22 milioi euro irabazi zituen urteko lehen seihilekoan. 2012ko epe berdinean 33 milioi euroko galerak izan zituen. Horrela, aurreneko hiruhilekoan izandako hobekuntza berretsi du konpainiak.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak gaur igorritako informazioaren arabera, Gamesaren salmentek % 26,4 behera egin dute, 1.116 milioi eurotara arte.
"Errentagarritasunaren hobekuntza esanguratsua" azpimarratu du Gamesak; izan ere, iragan urteko % 0,9tik % 5,9ra pasa da 2013an.
"Gastu finkoak murriztu, produktibitatea areagotu eta proiektuak hazi" egin direla azaldu du konpainiak.
Lehen seihilekoan gastu finkoak % 22 murriztu zituen Gamesak, 135 milioi eurotara arte. Horrela, hiru lantegi itxi ditu konpainiak, eta baita 342 lanpostu deuseztatu ere.