Ekonomia -
Ontziolen etorkizuna
Espedientea ixtea eskatu dute euskal ontzioletako langileek
Ehunka lagunek hartu dute parte Sestao eta Santurtzi arteko manifestazioan, Bruselari ontzigintza sektorearentzat konponbidea eskatuta.
Erredakzioa
Bizkaiko ontzioletako langileek ontzigintza sektorearen laguntza-sistemaren aurka irekitako espedientea ixteko eskatu diote gaur Joaquin Almunia Europako Lehiakortasun komisarioari.
Sindikatuek Sestao eta Santurtzi arteko manifestazioa deitu dute gaur goizean, Bruselan Iñigo Urkullu lehendakaria, Jose Manuel Soria, Galiziako eta Asturiasko presidenteak eta sindikatuen ordezkariak Almuniarekin bileran zeudela baliatuta.
Manifestazioan ehunka lagunek hartu dute parte, tartean beste sektore batzuetako langileak, eskualde horretako alkateak eta ordezkari politiko eta sindikalak.
Manuel Velado UGTren bozeramaileak esan duenez, "jakin badakigu Almunia Europatik presioa jasaten ari dela, baina irtenbide bakarra espedientea ixtea da".
Bruselako bileratik zerbait positiboa aterako denaren itxaropena agertu du, baina zuhurtziaz jokatu behar dela nabarmendu du; izan ere, "laguntza guztiak itzultzeko erabakia hartu zuten lehen zirriborroan".