Ekonomia -
Ontziolen etorkizuna
Eusko Jaurlaritzak ontzigintza babesteko plan bat jarriko du martxan
Bihar, Espainiar Estatuko ordezkaritza bat Europako Lehiakortasun komisarioarekin bilduko da, ontziolei emandako diru-laguntzen itzulerari buruz hitz egiteko.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu duenez, Europako Batzordeak adosten duena edozer dela ere, Gobernuak "estrategia bateratua" diseinatuko du Euskadiko ontziolen arduradunekin, horien etorkizuna bermatu ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ontzigintza babestuko duela esan du Erkorekak, "bideragarria eta lehiakorra" delako.
Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroa Europako Lehiakortasun komisarioarekin bilduko da bihar. Bilera horretan, Iñigo Urkullu lehendakaria, Asturiaseko presidentea eta Kantabriako presidentea ere egongo dira, ontziolek jasotako diru-laguntzak bueltatu ez ditzaten lortzeko.
Erkorekaren arabera, Euskadiko ontzigintza "sektore estrategikoa, teknologikoa eta lehiakorra" da, eta "horietan apustua egitea merezi du, bizirautea bermatzeko". Horren harira, Eusko Jaurlaritzak ontziolen biziraupena bermatzeko plan estrategiko bat martxan jartzea aurreikusi duela eta egitasmo hori "sektore horretako arduradunekin adostuta" egongo dela iragarri du.