Ekonomia -

Lan erreforma

Euskal lan hitzarmenen % 60 indarrik gabe daude jada

Negoziazioari uko egitea leporatu diote sindikatuek patronalari; soldata jaitsiera orokorrak izango ez direla esan du CEBEKek; eta Jaurlaritzak onartu du egoera oso larria dela.

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek lan hitzarmenen alde Bilbon egin zuten manifestazioa. EFE
LAB, CCOO eta UGT sindikatuek lan hitzarmenen alde Bilbon egin zuten manifestazioa. EFE
LAB, CCOO eta UGT sindikatuek lan hitzarmenen alde Bilbon egin zuten manifestazioa. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal lan hitzarmenen % 60 indarrik gabe daude jada, Espainiako  Gobernuaren lan erreforma aplikatu ostean. Eusko Jaurlaritzak dei egin die sindikatuei eta patronalari elkarrizketarako bideak irekita mantentzeko.

Juan Maria Aburto Lan sailburuak gogora ekarri du EAEko 613.000 langiletik 348.000 lan hitzarmenik geratu direla. Egoera oso larria dela onartu eta hemendik aurrera aro "kezkagarri" batean murgilduko garela azpimarratu du.

LAB

Ainhoa Etxaidek (LAB) iragarri du lan hitzarmenak indargabetu diren enpresetan gatazkak areagotu egingo direla, "langileei eskubideen kontrako erasoak izango direlako".

Horrez gain, Confebaskek, CEBEKek, Adegik eta SEAk izan duten jarrera gogor kritikatu du. "Egungo krisiari aurre egiteko akordio batera iristeko aukerari boikota egin diote", salatu du.

UGT

Raul Arza Euskadiko UGTren idazkari nagusiak ere esan du patronalak inoiz ez duela negoziatzeko borondate zintzorik izan, EAEn lan hitzarmenak bertan behera ez geratzeko.

Enpresariak testuinguru berriaz baliatu nahi direla ohartarazi du. "Lan erreforma soldatak jaisteko eta lanorduak luzatzeko aprobetxatu nahi dute, 30 urteotako oreka hautsita", azpimarratu du.

ELA

Bestalde, ELAk jakinarazi du enpresa askotan dagoeneko hasi direla langileei modu ofizialean jakinarazten lan hitzarmenak bertan behera geratu direla.

Alabaina, ELAk salatu du oraindik indarrean egon daitezkeen lan hitzarmenak ere baliorik gabe uzten ari direla zenbait enpresetan. "Patronalak erasora jotzearen aldeko apustua egin du", kritikatu du sindikatuak.

CEBEK

Iñaki Garcinuño CEBEKeko presidentearen esanetan, "enpresek malgutasuna behar dute egungo egoera ekonomikora egokitzeko, eta horretarako ezinbestekoa da langileen eta enpresarien arteko elkarlana".

"Lan merkatua oso zorrotza da eta enpresariak bitartekoak behar ditu kaleratzeak ekiditeko", gaineratu du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea