Ekonomia -

Lan hitzarmenak

Patronalak iragarri du ez dituztela lan hitzarmenak luzatuko

Igandean indargabetuta geratuko diren lan hitzarmenak negoziatzeko borondaterik ez izatea leporatu diote sindikatuek patronalari. "Gerra deklarazio bat izan da", salatu dute.

Sindikatuen manifestazio bat lan hitzarmenak babesteko. Argazkia: EFE.
Sindikatuen manifestazioa lan hitzarmenak babesteko. Argazkia: EFE.
Sindikatuen manifestazio bat lan hitzarmenak babesteko. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Confebask patronala eta CCOO, LAB eta UGT sindikatuak gaur goizean bildu dira Bilbon, igandean bertan behera geratuko diren lan hitzarmenen harira akordio bat lortzeko asmoz, baina ez dira akordio batera iritsi.

Sindikatuetako bozeramaileek salatu dutenez, Confebaskek "ez du inolako asmorik" atzo Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztutako proposamena negoziatzeko. Horrek hitzarmenen ultraaktibitatea igandetik aurrera ere luzatzea proposatu zuen, egun horretan bertan behera geratuko baitira, lan-erreformaren ondorioz.

Bilera horretan, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek (ELAk ez du parte hartu) Urkulluk aurkeztutako proposamenean oinarritutako bat aurkeztu dute, baina patronalak ez du onartu.

"Gaurko bilera gerra deklarazioa izan da. Agerian geratu da Jaurlaritzaren, erakundeen eta gehiengo sozialaren gainetik Confebask deitutako elite ekonomikoa dagoela", salatu du Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko ordezkariak bilera amaitu ostean.

Mari Cruz Vicente CCOOko ordezkariak ere gogor kritikatu du patronalaren jarrera. Patronalak negoziatzeko borondaterik ez duela eta Espainiako Gobernuaren lan-erreforma aplikatzearen aldekoa dela azpimarratu du.

UGTko Maria Ballesterosen iritzian, Confebasken jarrerak eta, ondorioz, akordiorik ez egoteak "lan-gatazkak areagotzea ekarriko du".

Confebaskek sindikatuei egotzi die ardura

Bestalde, Confebaskek esan du egoera honen erantzuleak ELA eta LAB direla, adostasunetara heltzeko "benetako" interesik izan ez dutelako negoziazioetan.

"Negoziazio esparrua arriskuan badago, sindikatu batzuek akordioa sinatzeari uko egin diotelako da", azpimarratu du agiri batean.

Nolanahi ere, Confebaskek jakinarazi du azken unera arte negoziatzen jarraitzeko prest daudela, baina argi utzi dute lan hitzarmenak luzatzea onartuko ez dutela, "horrek sindikatuak immobilismo erosoan egotea ekarriko duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea