Ekonomia -
Hitzarmen kolektiboak
Patronalari nahi beste ematea egotzi dio Muñozek Urkulluri
Adostasun handiz erabaki dute Metaleko federazioak eta Hainbat federazioak bat egitea, eta Industria eta Eraikuntza federazio berrituan sartu dituzte.
Erredakzioa
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Iñigo Urkullu lehendakariak "patronalari kobertura ematen diote, nahi duen beste emanez". Ondorioz, patronalak ez du lan baldintzak eta hitzarmenak sindikatuekin negoziatzeko beharrik.
Muñozek Metaleko federazioa eta Hainbat federazioa fusionatzeko ezohiko batzarrean egin ditu adierazpen horiek. Batzarkide gehienek babestu dute bat egite hori, ELAren Industria eta Eraikuntza Federazioa berritzeko. Hala, Eusko Jaurlaritza kritikatu du, lan eta gizarte alorrean erakutsitako jokabidearen harira. Bestalde, Iñigo Urkulluk Confebask (Adegi, SEA eta CEBEK) patronalaren buruzagiekin egingo duen bilera ere kritikatu du. Igandean indarrik gabe geratuko diren hitzarmen kolektiboak luzatzea eztabaidatuko dute bertan.
ELAko idazkari nagusiaren arabera, "Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna ez da lana sortzea. Patronalari kobertura ematen dio, nahi beste emanda".
"Patronalari horrenbeste emanda, horrek jada ez du negoziatzeko beharrik. Eta patronalak berak esaten du hori. Soilik hura behartuz, politika aldatuz eta emandako guztia alde batera utziz lortuko dugu patronala eztabaidatzera behartzea", esan du Muñozek.