Ekonomia -
Ontziolen etorkizuna
Lehendakaria Industria ministroarekin bilduko da Madrilen
Bilera arratsaldean izango da, eta, 2011n jasotako laguntza fiskalak itzuli behar izanez gero ontzigintza sektorea zein egoeratan geratuko den aztertuko dute.
Erredakzioa
Jose Manuel Soria Espainiako Industria eta Energia ministroa Euskadiko lehendakariarekin; Galiziako eta Asturiasko presidenteekin; eta enpresen zein sindikatuen ordezkariekin bilduko da gaur, 2011ra arte ontziolek jasotako laguntza fiskalak itzuli behar izanez gero, ontzigintza sektorearen zein egoeratan geratuko den aztertzeko.
Bilerak arratsaldean izango dira, eta bi deialditan banatu dituzte: 17:00etan, Pymar Ontziola Txiki eta Ertainen Elkartearekin, Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Javier Fernandez Asturiasko presidentearekin eta Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidentearekin bilduko da; eta 18:30ean, UGTko eta CCOOko industria federazioen ordezkariekin.
Joaquin Almunia Europako Lehiakortasunerako komisarioak joan den astean iragarri zuen Espainiak ontziolei emandako laguntzak bueltatu behar izatea proposatuko zuela Europako Batzordean.
Ontzien finantzazioan parte hartu zuten inbertitzaileek itzuli beharko omen dituzte laguntza horiek, eta ontziak merkatuko prezioaren azpitik erosi zituzten armadoreek, horiek izan baitziren onura fiskalaz baliatu zirenak.
Diru-laguntza horiek ilegalak zirela ebatzi zuten 2011n, Herbehereetako agintariek "tax lease" izenaz ezagutu den sistema espainolaren kontrako salaketa jarri ostean. Hala, 2005 eta 2011 artean jasotako ia 3.000 milioi euroko diru-laguntzak bueltatu beharko dituzte.
Erabakia uztailaren 17an hartuko dute, eta Espainiako Gobernua, autonomia erkidegoetakoak, ontziolak eta sindikatuak horren kontra agertu dira. Izan ere, diru-laguntza horiek itzuli behar izateak enpresa horiek ixtea eta 87.000 lanpostu desagertzea eragingo luke.
Egoera horren aurrean, Asturiasko, Euskadiko eta Galiziako gobernuek erantzun bateratua hitzartzeko prest daudela adierazi dute. CCOOk, berriz, hurrengo asteetarako mobilizazioak prestatzen ari direla iragarri du.