Ekonomia -
Kontzertu Ekonomikoa
Kupoa 'berrikusi' eta 'aldatu' daitekeela adierazi du Lopezek
Kontzertua ez dagoela "ezbaian" berretsi du; izan ere, UPyDk eta PSCko "baten batek" soilik kritikatzen dutela gogorarazi du.
Erredakzioa
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak adierazi du EAEko Kupoa "berrikusi" eta "aldatu" daitekeela, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak osatzen duten Batzorde Mistoak hala erabakitzen badu. Gainera, Kontzertua ez dagoela "ezbaian" berretsi du; izan ere, UPyDk eta PSCko "baten batek" soilik kritikatzen dutela gogorarazi du.
Lopezek ETBn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Kontzertua "oinarrizkoa" da euskal autogobernuan, eta argi adierazi nahi izan du ez dela horren inguruko "kabalarik" egin behar, ez baitago "ezbaian".
Buruzagi sozialistak aitortu du ez dela "eroso" egon Pere Navarro PSCren idazkari nagusiak Kontzertu Ekonomikoa kentzea eskatu zuenetik.
"Ez zait gustatzen arazoak arrazoirik gabe puzten dituztenean, ez dakit zertarako egiten duten. Kontzertua ezbaian dago? Ez. Nork jartzen du zalantzan autogobernua? Nik dakidala, UPyDk, bertan behera utzi nahi baitu, eta horrez gain, PSCko baten batek. Inork gehiago ez. Beraz, ez dago kolokan", gaineratu du.
Zenbatekoa
Kupoaren zenbatekoari dagokionez, Batzorde Mistoak erabaki behar duela gogorarazi du, eta bertan "Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza" daudela; izan ere, "Euskadik Estatuarekin duen harreman ekonomikoaren araberakoa" da, "Estatuak Erkidegoari eskaintzen dizkion zerbitzuak" ordaintzean datza eta. "Hor aldaketarik badago, eskumenak aldatzen badira, kupoa aldatu daiteke", azaldu du buruzagi sozialistak.